GAL | |
---|---|
Datuak | |
Izen laburra | GAL eta GAL |
Mota | erakunde terrorista eta death squad (en) |
Herrialdea | Espainia |
Historia | |
Sorrera | 1983 |
Aurrekoak | Terrorismo neofaxista Espainian |
Desagerpena | 1986 |
GAL (Grupos Antiterroristas de Liberaciónen siglak, euskaraz: «Askapenerako Terrorismoaren aurkako Taldeak») Espainiako erakunde paramilitar bat izan zen 1980ko hamarkadan, eta etakideen zein beste euskal herritar batzuen aurkako atentatuak egin zituen Espainian, Espainiako Gobernuko garaiko presidente Felipe Gonzálezen (PSOE) onespenarekin, CIAko agiriek gehiago argitu dutenez.[1][2][3]
Espainiako Gobernuko aparatu politiko eta polizialetatik zegoen bideratua. Siglen atzean talde armatu independente baten itxura hartzen bazuen ere, estatu terrorismoko sarea izan zen, nagusiki Espainiako Barne Arazoetarako Ministeriotik osatu eta antolatua, maiz mertzenarioen bitartez. Hilketak, bahiketak, torturak eta beste hainbat ekintza burutu zituzten, gehienbat Ipar Euskal Herrian bildutako errefuxiatu eta iheslarien aurka.
Lehendabiziko erailak Joxean Lasa eta Joxi Zabala izan ziren, 1983ko urrian, haiek Baionan bahitu, Espainiara ekarri eta torturatu ondoren. Guztira, 1986 arte 27 pertsonen hilketa eta hainbat zauritu leporatzen zaizkio.[4] Ekintza horiengatik, PSOEko kargu batzuk espetxeratuak izan ziren arren, egun oraindik ez da garbi geratu nortzuk izan ziren Espainiako Gobernuko arduradun nagusiak. Ekintza horiengatik espetxeratutako asko indultaturik atera ziren kalera[5].