Infoxikazioa (informazio gainkarga, infobesitatea,[1][2] informazio antsietatea[3] edota informazio-leherketa[4] moduan ere ezaguna dena) arazo bat ulertzeko eta erabakiak eraginkortasunez hartzeko zailtasuna da, gai horri buruzko informazio gehiegi dagoenean[5]. Esaterako, Speierek (1999) azaldu zuen pertsona batek jasotzen duen informazioa bere buruak prozesatu dezakeen kantitatea gainditzen duenean, informazio gainkarga gertatzen dela, eta honen ondorioz, hartzen diren erabakien kalitatea murriztu egiten dela[6]. Definizio berriago batean, eta ildo beretik jarraituz, Roetzelek (2019) denboraren eta baliabideen aspektuetan ipintzen du fokua. Argudiatzen duenaren arabera, pertsona batek informazio multzo gehiegi jasotzen dituenean, hala nola konplexutasuna, kopurua eta kontraesana, erabakirik onenak hartzeko gaitasuna galtzen du.[7] Informazio gainkarga kontzeptua Bertram Grossek 1964. urtean idatziriko The Managing of Organizations[8] liburuan izan zen lehen aldiz erabilia, eta are ospetsuagoa bilakatu zen Alvin Tofflerek 1970. urtean argitaratu zuen Future Shock izeneko liburuari esker.
Informazio teknologia modernoaren iritsiera informazio gainkargaren arrazoi nagusietako bat izan da fronte ezberdinetan: sortutako kantitatean, difusiorako erraztasunean eta lortutako audientziaren anplitudean. Iraupen luzeko faktore teknologikoak are gehiago indartu dira sare sozialen goren unea eta atentzioaren ekonomia direla eta. Teknologia digitalaren, informatikaren eta internet kulturaren (kultura digitala moduan baita ere ezaguna dena) garaian, informazio gainkarga gehiegizko esposizioarekin, informazioaren neurriz gaineko bistaratzearekin eta ugaria den dataren sartzearekin lotzen da. Honi aurre egiteko, beharrezkoa da iristen den informazioa etengabe berrikustea, beharrezkoa den hori soilik aukeratzeko.