Estatistikan, maiztasun-banaketa datu-multzo batean balio bakoitza zenbat aldiz errepikatzen den azaltzen duen taula eta horri dagokion diagrama da, datu-multzoaren banaketa irudikatzeko. Datu-multzoan balio bakoitza zenbat aldiz agertzen den adierazten duen balioari maiztasun absolutu deritzo. Maiztasun absolutuen ordez maiztasun erlatiboak, datu kopuruari buruz, ere ezartzen dira.
Maiztasun-banaketa batek datu-multzoa era ordenatuan emateaz gainera, datu-multzoaren ezaugarri nagusiak erakusten ditu, hala nola zein den maiztasun handieneko kategoria edo balioa, datuak zein balioren inguruan biltzen diren eta datuen sakabanatzea zenbaterainokoa den.