Mikroalga edo mikrofitak alga mikroskopiko ikusezinak dira begi hutsez. Ur geza eta sistema itsastarretan aurkitu ohi diren fitoplanktona eta perifitona dira, ur-zutabean eta sedimentuan bizi direnak.[1] Espezie zelulabakarrak dira, banaka ala kateak edo taldeak osatuz aurkitzen direnak. Espeziearen arabera, haien tamaina mikrometro (μm) gutxi batzuetatik ehunka mikrometrotara joan daiteke. Goi-landareek ez bezala, mikroalgek ez dute sustrai, zurtoin ezta hostorik ere.
Mikroalgak fotosintesia egiteko gai direnez garrantzitsuak dira Lurreko bizitzarako; atmosferako oxigenoaren erdia sortzen dute gutxi gorabehera[2], eta berotegi-efektuko gasa den karbono dioxidoa erabiltzen dute modu autotrofikoan hazteko. Fotosintesi itsastarrean mikroalgak dira nagusi, eta, zianobakterioekin batera, fitoplanktona osatzen dute[3]. Mikroalgak, bakterioekin batera, elikadura-sarearen oinarria osatzen dute eta haien gainetik dauden maila trofikoei energia ematen diete. Mikroalgen biomasa, maiz, a klorofilaren kontzentrazioaren bidez neurtzen da, eta produkzio potentzialaren indize erabilgarria eman dezake. [4][5]
Mikroalgen biodibertsitatea izugarria da eta ia ustiatu gabeko baliabidea dira. Genero askotan 200.000 eta 800.000 espezie bitarte daudela zenbatetsi da, eta horietatik 50.000 espezie inguru deskribatu izan dira. [6] Algen biomasatik datozen 15.000 konposatu kimiko berri baino gehiago zehaztu izan dira[7]. Adibide batzuk karotenoideak, antioxidatzaileak, gantz-azidoak, entzimak, polimeroak, peptidoak, toxinak eta esterolak dira[8]. Metabolito baliotsu horiek emateaz gain, mikroalgak bioerregaietarako lehengai potentzialtzat hartzen dira, eta bioerremediazioan etorkizun handiko mikroorganismotzat hartzen da[9]. Mikroalgen salbuespen bat klorofilarik ez duen eta, beraz, koloregabea den Prototheca da. Alga horiek parasitismora aldatzen dira, eta, hala, proteotekosia eragiten dute gizakietan eta animalietan.
Lurraren ezaugarri klimatologikoengatik ez dira mikroalgak leku guztietan landatzen. Espainia hegoaldean, Kanarietan, AEBetako hegoaldean, Mexikon eta Israelen daude mikroalgen industria gunea nagusiak, hau da, eguzki ordu gehien dagoen lekuetan. Herbehereetan eta Alemanian ere badaude proiektuak. Tartean, I+G Flexipho proiektua dago eta bertan Estudios e Ingenieria Aplicada XXI S.A. eta Gaiker-Ik4 daude.[10] Euskal Herrian, aldiz, askotan hodeitsu egoten da, eta, horregatik, mikroalgek ezin dute beren egitekoa behar bezala egin. Horregatik, Gaiker-Ik4 fotobioerreaktore malgu bat eraikitzen ari da, uretako landare mikroskopikoak argi gutxiko eremuetan hazteko eta industria eremuetako gas isuriak xurgatu ahal izateko. Mikroalgen bigarren funtzioa, hau da, bioosagaiarena ere ikertzen ari dira, izan ere, mikroalgak haztean eta beren funtzioa betetzean, landareak uretatik bereiziko lirateke, beren osagaiak atera ahal izateko; ikerketaren lehen faseetan atera dituzten ondorioak aplikatu ahal izango dira.