Oiasso Antzinako Erromaren garaian baskoien portu-hiria edo civitas zen, Bidasoaren bokalean, gaur egungo Irungo hirigunean (Gipuzkoa) kokatua. Erromatar Inperioan Hispania iparralderako, eta batez ere Tarraconensis probintziarako, salerosketa eta garraio gune garrantzitsua zen. 1990eko hamarkadan ikerketa arkeologikoek hiriari buruzko ezaguera handitu egin zuten.
Oiassoren kokapenetik gertu Arditurriko erromatar meatzeak daude. Hiria bere meatze-barrutiaren burua zen, erromatarren garaitik ustiatua eta Oiassoko portuarekin lotua, nahiz eta uste den haiek iritsi baino lehen ustiatzen zela aztarnategia. Meategiak ustiatzea oso garrantzitsua izan zen, ingeniaritza-lanen hondakinek erakusten dutenez. Meategiak 1984ra arte egon ziren aktibo, ia etenik gabeko 2.000 urtez. Horietan zilarra, burdina, beruna, zinka, fluorita eta blenda atera izan da.[1]