Optimates

Optimates (latinez «hoberenak» edo «aristokaratak»[1], singularrez, optimas) Erromatar Errepublika beranteko senatari batzuek beren buruari ematen zioten izena zen. Senatari talde hark Herri Biltzarretako botereak murriztu eta Senatukoak handitu nahi zituen, Senatua ganbera egonkorragoa eta arduratsuagoa zelakoan. Populares taldea zuen aurkari, kontrako politika hobesten zuelako. Haien arteko ika-mikek bortizkeria eta gerra zibila piztu zituzten.

Optimates taldeak nobleziako leinuak hobesten zituen postu publikoetarako, batez ere probintzietatik zetozen gizon berrien aurrean. Ironikoki, optimates-en azken defendatzaile sutsua, Zizeron, probintzietako «gizon berria» zen.

Erromatar hiritartasuna Italiatik kanpora zabaltzearen kontra zeuden. Italia osora zabaltzea bera gehiegikeria zen, haien ustez. Kultura helenistikoaren kontrakoak ziren orobat, Erromako gazteria usteltzen zuelakoan. Soldadu beteranoei lur-soroak banatzearen alde zeuden, beterano zoriontsuek jeneral matxinatuekin bat egiteko arrisku txikiagoa baitzuten.

Haien urrezko garaia Sila diktadorearen aldian etorri zen (K. a. 81 -79). Orduan, Herri Biltzarrak ia-ia eskumenik gabe geratu ziren. Senatarien kopurua 300dik 600era igaro zen. Italiako iparraldean soldadu andana kokatu zuten, han bizi zitezen. Popularesetako asko zerrenda beltzetan sartu eta hil zituzten. Silak boterea utzi ondoren, politika hori irauli zen pixkanaka.

Optimates taldeko beste politikari esanguratsu batzuk Katon Maior eta Katon Minor, Milo, Marko Bruto, eta azken urteetako Ponpeio Handia izan ziren.

  1. (Ingelesez) «Optimates and Populares | Roman Senate, Patricians, Plebeians | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2023-07-12).

Optimates

Dodaje.pl - Ogłoszenia lokalne