2018ko Munduko Futbol Txapelketa Чемпионат мира по футболу 2018 | |
---|---|
![]() | |
Antolatzailea | FIFA |
Egoitza(k) | ![]() |
Hasierra | Ekainaren 14 |
Bukaera | Uztailaren 15 |
Taldeak | 32 |
Asistentzia | 3.031.768 |
Goleatzailea | ![]() ![]() |
Txapelduna | ![]() |
Txapeldunordea | ![]() |
Hirugarrena | ![]() |
Webgunea |
2018ko Munduko Futbol Txapelketa (errusieraz: Чемпионат мира по футболу 2018) 2018ko ekainaren 14tik uztailaren 15era Errusiako hainbat hiritan ospatu zen nazioarteko futbol txapelketa izan zen. 21. Munduko Futbol Txapelketa izan zen.
Alemanian ospatu zen 2006ko Munduko Futbol Txapelketaren ondoren Europan egin zen lehenengo txapelketa izan zen, lehenengoa Europako Ekialdean jokatzen zena eta hamaikagarrena historian Europan. Estadio guztiak Errusia Europarrean izan ziren, bidaiak errazteko asmoz. Historian egin zen futbol txapelketarik garestiena izan zen, 11.800 eta 14.000 milioi estatubatuar dolar artean, Brasilen ospatu zen 2014ko Munduko Futbol Txapelketa baino garestiago.[1][2]
32 futbol selekziok hartu zuten parte, horietatik 31 sailkapen txapelketen bidez eta Errusiako futbol selekzio nazionala zuzenean, antolatzaile gisa. 32 talde horietatik 20k aurreko munduko txapelketan jokatu zuten, tartean irabazlea izan zen Alemania. Islandia eta Panamak lehen aldiz jokatu zuten munduko txapelketa bat. 64 partida jokatu ziren hamaika hiriko 12 leku ezberdinetan. Finala uztailaren 15ean jokatu zen Moskuko Luzhniki estadioan, Frantzia eta Kroazia artean.[3][4][5] Frantziak irabazi zuen txapelketa, bigarren aldiz 1998an lortutakoarekin batera.[6] Laugarren aldiz jarraian irabazi zuen talde europar batek, Italiak 2006an, Espainiak 2010ean eta Alemaniak 2014an irabazi ostean.
Munduko Futbol Txapelketaren irabazlea 2021eko FIFA Konfederazio Koparako sailkatu zen zuzenean. Txapelketa hasi aurretik Brasil, Frantzia, Alemania eta Espainia ziren irabazteko faboritoak[7].