Agur faxista edo erromatar agurra bereziki mugimendu eta erregimen politiko faxista, naziek eta frankistek erabilitako agurra izan zen[1], egun mugimendu neonazi eta eskuin-muturrekoetan ere erabiltzen dena. Agur faxista eskuineko besoa luzatuz eta horizontaletik altxatuz egiten zen. Izatez Erromatar Inperioak ez zuen inoiz agur hau erabili, Jacques-Louis David artista frantsesak 1784ko Horatien Zina koadroan Erroma zaharrarekin lotu zuen keinua historian lehen aldiz, eta gerora beste agur batzuk sortzeko inspirazio bilakatu zen, horien artean nazien agurra nabarmenduz.[2] Faxismoa eta nazismoa agintean izan ziren urteetan, agur faxista derrigorrezkoa zen herritar guztientzat maila goreneko pertsona eta militarren aurrean eta bostekoa emanez egindako agurrak film eta antzerki lanetatik ezabatzera ere heldu ziren agintariak.