Antzinako Erromako kultu inperiala arabera, enperadoreek eta haien senide batzuek Erromatar Estatuaren autoritatea (auctoritas) zuten, jainkoek onetsia. Erroman ez ezik, Grezian ere bazituen aurrekariak kultu horrek, eta Augustoren printzealdiaren hasieran formulatu zen. Oso laster finkatu zen inperioan eta haren probintzietan, eta aldaerak izan zituen tokian-tokian, jasoa izateko nahiz adierazia izateko moduan.
Augustoren erreformek eraldatu egin zuten Erromatar Errepublikaren gobernamendu sistema, monarkia bihurtuz de facto, erromatar tradizioez eta errepublikar balioez formulatutako monarkia bat, hain zuzen. Espero zen princeps-ak (geroago enperadore izenarekin ezagutuko zenak) orekatuko zituela erromatar armadaren, Senatuaren eta populuaren interesak, eta atxikiko zituela bakea, segurtasuna eta joritasuna inperio etnikoki askotariko osoan zehar. Bizirik zen enperadore bati cultus delakoa ofizialki eskainirik, ezagutza agertzen zitzaien haren karguari eta aginteari, jainkoek onetsitakotzat eta konstituzioaren araberakotzat: printzeak, ondorioz, prious respect zelakoa agertuko zien errepublikar jainkoei eta mores edo usadioei.
Enperadore hil bat ohorearen duin jotzen zelarik, bozketa egiten zen Senatuan hari jainko estatusa emateaz (divus, eta pluralean divi), eta apotheosis ekitaldi batean hartakotzat jasotzen. Apoteosia ematea, hala, inperioko agintarien judizio erlijiozko, politiko eta moral bat egiteko baliatzen zen, eta bide ematen zen, hartara, bizirik ziren enperadoreek beren burua erants ziezaioten inperioko divi-en leinu ongi ikusi bati, zeinetarik bazter uzten baitziren aurretiko ez-duin eta herriak gaitzetsiak. Hain zuzen, hori tresna baliagarria gertatu zen Vespasianorentzat, enperadoreen flaviar dinastia ezartzeko Neronen heriotzaren eta gerra zibilaren ondotik, eta are Septimiorentzat ere, Severotar dinastia finkatzeko Komodoren erailketaren ondotik.
Kultu inperiala ezin zen bereizi Erromaren jainko ofizialen kultutik: haiek gurtzea ezinbestekoa zen Erromak iraungo bazuen, eta, hala, haiek ez aintzat hartzea traiziotzat jotzen zen. Tradiziozko kultua izan zen, hain zuzen, Dezioren eta Dioklezianoren legegintza berpizlearen guneetako bat. Kristau apologistek eta martiriologistek fedegabetasun jentilerako eta pertsekuziorako tresna bereziki erasokor baten gisa ikusten zuten kultu inperiala. Hala, beraz, eztabaida teologiko eta politikorako gune bihurtu zen Konstantino I.aren pean. Juliano enperadoreak huts egin zuen erromatar erlijio-praktika ofizialen aldeko jarrera ahultzen ikusi eta hura eragozten saiatu zenean: Teodosio I.ak kristautasuna hartu zuen Erromako estatuaren erlijiotzat. Erromaren ohiko jainkoak eta kultu inperiala bazterrean utzi ziren ofizialki. Alabaina, enperadoreen aldeko kultuak bereak zituen erritu, praktika eta estatus bereizkuntza askok iraun egin zuten Inperio kristautuaren teologian eta politikan.[1]