Artritis erreumatoide zenbait hezur loturetan, besoetako eta hanketako lotura txikietan azaltzen den hantura da. Ehun konjuntiboan agertzen da hantura hori. Hasieran min handia ematen du eta luzarora hezur loturen itxuraldaketa ekar dezake, hezur loturen gogortzea eta giharren atrofia. Sendatzen zaila da, eta askotan ez da lortzen eritasuna erabat desagertzea.
Jatorria ez da zehazki ezagutzen baina eragiten duten antigenoak aurkitu ez diren arren, autoinmunitateak berebiziko garrantzia hartzen du honetan. Organismo osasuntsu batean (AErik gabe) immunitate-sistema gai da ezberdintzeko norberaren berezko antigenoak eta arrotzak diren antigenoak. Aitzitik, gaixotasun autoinmuneetan tolerantzia immunitario hau kaltetzen da eta sistemak berak suntsitzen ditu organismoaren antigenoak. AEn ematen den tolerantzia immunologikoaren mekanismoen hausturak, etengabeko gehiegizko erantzuna eragiten du, non T linfozito autoerreaktiboak sortzen diren, gure egitura zelularrak kaltetzen dituzten antigorputzekin batera[1]
Kalte baten aurrean, gure immunitate sistemak hanturaren bitartez erantzuten du, hasierako, bitarteko eta amaierako bitartekari batzuen bitartez erregulatuz. Aldiz, Artritis Erreumatoidean bitartekari hauen balantze ezak, desoreka eragiten du hanturaren prozesuan eta gure zelulak kaltetzen dira. Honek, AEn mintz sinobialaren hantura dakar beste eremuetara zabalduz, hala nola, hezurretara, giltzadura kartilagoetara, lotailu eta zurdetara, epe luzean beren suntsipena eraginez.
AEn, halaber, hanturak beste organo batzuk kaltetu ditzake, nerbio sistema periferikoa, bihotza, birikak, larruazala edo begiak esaterako, pazientearen bizitza arriskuan jartzeraino[2].
Diagnostikoa normalean sintoma klinikoen eta behaketa fisikoaren bitartez egiten da, zenbait analisi kliniko eta erradiografiekin batera, erreumatologiako espezialistaren laguntzarekin.
Normalean tratamentu gabeko AE progresiboki garatzen da. Hala ere, sendatzeko tratamentu bat existitzen ez den arren, badira gaixotasuna kontrolatzeko gai diren tratamentuak. Horri esker, lortzen da minaren eta giltzadura zurruntasunaren kontrola, giltzaduretako mina eta itxuragabetasuna murriztea eta hondamen funtzionala saihestea, pazienteen bizi kalitatea hobetuz[3].
↑(Gaztelaniaz)Carreño Pérez, Luis; Monteagudo Sáez, Indalecio; González Fernández, Carlos Manuel; López Longo, Francisco Javier. (2002-03-15). «Autoanticuerpos en la artritis reumatoide»Revista Española de Reumatología 1: 27–35. ISSN0304-4815. (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).