Azken arbaso komun unibertsala edo ingelesez LUCA (last universal common ancestor), egungo organismo bizidun guztien arbaso komun berriena da. Lurra duela 4.500 milioi urte sortu zen arren, LUCA duela 3.700-3.800 milioi urte inguru sortu zela dago onartuta, gaur egun ezagutzen ditugun bizidunei oinarria eskainiz[1]. Duela gutxi egindako ikerketa batek, LUCA duela 4.320-4.520 milioi urte agertu zela ondorioztatu da[2], baina berriki egindako aurkikuntza bat da eta pil pilean dagoen gai bat denez, eztabaida dago.
Bizitzaren zuhaitz filogenetiko onartuena, rRNA molekulen araberakoa da, Carl R. Woese eta George E. Fox-ek 1977an proposatutakoa[3]. Zuhaitz honetan, oinarrizko 3 domeinuak sailkatzen dira, "Eubacteria", "Archaea" eta "Eukaryota". Bertan, rRNA molekularen azterketaren ondorioz, Achaea-k eta Eukaryota-k ardatz filogenetiko berdinetik datozela frogatu zen, Eubacteria domeinua ez bezala eta ebolutiboki, Archaea-k, Eukaryota-k baino primigenioagoak direla ikusi zen. Ondorioz, argazkian azaltzen den moduan, LUCA izan zen Eubacteria eta Archaea filogenetikoki banatzean existitzen zen biziduna eta bertatik sortu ziren ebolutiboki aurreratuagoak diren bizidun guztiak[1].
LUCA-k izen ezberdinak har ditzake, "Progenote", Azken arbaso unibertsala (LUA, last universal ancestor), azken arbaso komuna (LCA, last common ancestor) edota soilik arbaso unibertsala.