Azulejuzko edo zeramikazko herri-seinaleak Hego Euskal Herrian hedatutako lehen bide seinaleetako batzuk izan ziren, motor-ibilgailuentzat errepideak egokitzen hasi zirenean, herriak markatzeko erabiliak. 1918. urteko Espainiako ministeritza baten aginduz hasi ziren jartzen, eta 20. mendean zehar berriztu ziren zenbait hedapen[1].
Zutoinen gainean ezarritako bide-seinale beregainak izan beharrean, errotulo hauek herrietako sarreretan egon ohi ziren etxeetako hormetan jartzen ziren, azulejuz edo zeramikaz eginak, argi ikustekoak ziren, eta askok iraun dute 21. mendera arte.
Ezarri ziren garaiaren ondorioz, ia seinale guztietan gaztelaniazko toponimoak agertzen dira, batzuetan ez tradizionalak, eta kasu askotan gaur egun ofizialak ez direnak. Salbuespen gutxi batzuetan, batez ere euskal toponimo tradizionala gaztelaniaren oso bestelakoa denean, Erriberrin edo Auritzen bezala, euskal bertsioa ere agertzen da.