Bandiagarako amildegiak (Dogon herriaren lurra)1 UNESCOren gizateriaren ondarea | |
Amildegiaren zati baten ikuspegia | |
Mota | Kulturala |
Irizpideak | v, vii |
Erreferentzia | 516 |
Kokalekua | Mali |
Eskualdea2 | Afrika |
Izen ematea | 1989 (XIII. bilkura) |
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua) 2 UNESCOren sailkapena |
Bandiagarako amildegiak Dogon herrialdean, sabana eta Niger ibaiaren lautadaren artean, 200 kilometroan zehar hedatzen diren hareharrizko labarrak dira. Geologia, arkeologia eta etnologiaren aldetik dituen ezaugarriak direla eta, Mendebaldeko Afrikako toki hunkigarrienetako bat da[1]. Gehiena Maliko Mopti eskualdean dago eta hego-mendebaldeko muturra Burkina Fason. 1989an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen.
Amildegiak babesleku naturalak izan ziren dogon etniarentzat. Harearrizko horma malkartsuek babesa eta aterpe ematen zuten, dogonen etxeak bikain ezkutatzen zituztelako. Buztin, lasto eta behi gorotzezko nahasketa batez eginak, urrunera ia nabariezinak ziren, eta oraindik ere hala dira. Mimetismo hori, ez ustekabekoa liskar toki batean, oso egokia zen. Amildegiko horma garaienen gainean eraikiak baitziren, etxe hauetara arroketan gora eskalatzen bakarrik hel zitekeen (kasu batzuetan oraindik ere hala da). Han eta hemen harkaitz sakabanatuak dituen lurralde honek zaildu egin zien zalditeria taldeei bertan bizi zirenak esklabu hartzea. Amildegiaren tontorretik ikuspegi pribilegiatua zegoen eta mehatxua zetorrela garaiz ikus zitekeen, oraindik eragotzia izan zitekeenean edo bere eragina gutxitua.