Biblia | |
---|---|
Johannes Gutenbergen Biblia | |
Datuak | |
Idazlea | (K. a. X. mendea - K. o. II. mendea) |
Generoa | Testu sakratuak |
Jatorrizko izenburua | τὰ βιβλία |
Hizkuntza | hebreera, aramera eta greziera |
Euskaraz | |
Izenburua | Elizen arteko Biblia |
Itzultzailea | Dionisio Amundarain (koordinatzaile), Elizen Arteko Biblia Elkartea |
Argitaratze-data | 1994, 2006 |
ISBN | 84-88774-05-2 |
Biblia[1] (antzinako grezieraz: τὰ βιβλία, tà biblía, «Liburuak») kristautasunaren, judaismoaren, samaritanismoaren eta rastafarismoaren idazki sakratu eta nagusiak biltzen dituen liburu-bilduma da. Erlijio horietako sinestunen ustez, Biblian Jainkoaren hitza jakinarazten da.
Bi atal nagusi ditu, Itun Zaharra eta kristauen Itun Berria. Itun Zaharrari Hebrear Biblia ere deitzen zaio. Itun Zaharreko testuak gehienbat hebreeraz idatzi ziren (zati batzuk, arameraz), eta Jesu Kristo jaio aurreko Israelgo herriaren historia kontatzen duten liburuek osatzen dute. Kristauek ez bezala, hebrearrek ez dute Jesus Nazaretekoa (Jesu Kristo) Jainkoaren semetzat aitortzen; horregatik, ez dute Itun Berria liburu sakratutzat onartzen. Itun Berria hasierako kristau batzuek idatzitako hainbat idazkiren bilduma da, I. mendeko koiné grezieraz idatzia; kristau idazle horietatik gehienak Kristoren jarraitzaile juduak zirela uste eta sinesten da. Kristau-sinesbideen artean ere desadostasunak daude, ea zer sartu behar litzatekeen kanonean, bereziki apokrifoei dagokienez.