Our website is made possible by displaying online advertisements to our visitors.
Please consider supporting us by disabling your ad blocker.

Responsive image


Bigarren Mundu Gerra Euskal Herrian

Bigarren Mundu Gerrak hainbat arlo eta neurri desberdinetan izan zuen eragina Euskal Herrian. 1939ko irailaren 3an Frantziak Alemania naziari gerra deklaratuz geroztik Ipar Euskal Herria gudan murgildu zen, bete-betean. Espainian, haatik, Gerra Zibila amaitu berria zen eta Bigarren Mundu Gerra hasi zenean Hego Euskal Herriko herritar asko Iparraldean zein Frantzian erbesteratuta zegoen. Euskal ume askok, berriz, deserriko bidea hartu zuen itsasontzi bidez 1937ko udaberrian eta, orain, Bigarren Mundu Gerrak harrapatuta zeuzkan, familiatik urrun.

Frantziako euskal lurraldeetako biztanle kontserbadoreek ez zuten begi onez ikusi, oro har, erbesteratu horien etorrera, eta tentsioak sortu ziren bertako euskal ordezkariekin, bereziki Jean Ibarnegarai, Bigarren Mundu Gudan Vichyko erregimenaren aldekoa izango zen nafar diputatuarekin.[1][2] Bigarren Mundu Guda hastear zegoela, Gurseko esparrua eraiki zen hegoaldeko euskal errefuxiatuei aterpe emateko, Zuberoko mugaz justu kanpora.

1940ko ekainaren 22ko Frantzia eta Alemaniaren arteko armistizioaren ondorioz, Ipar Euskal Herria bitan zatituta geratu zen: alemaniarren armadaren okupazioko eremua Donibane Garazitik eta Donapaleutik mendebaldera, eta Vichyko gobernuaren kontrolpean herri horietatik ekialdera. Gehienek aurreko mundu gerraren segidatzat zuten Mundu Gerra berri hau, eta Zuberoako bortuetan makia antolatu zen. Espainiako Gerra Zibileko euskal iheslari batzuk, Eusko Gudarostearen hondarren inguruan, alemaniarren kontra borrokatu ziren, Aliatuekin elkar hartuta alemaniarrei irabaziz gero Franco jeneralaren diktadura ere botako zutelako esperantzaz. Aipagarria da, alde horretatik, pilotu aliatuak erreskatatu eta erresistentziako kideak aterpetzeko Cométe sarean zenbait herritarrek izan zuten partaidetza.

Beste asko, gudan zebiltzan herrialde nagusien armadetan borrokatu ziren, frantses, estatubatuar, britainiar, espainiar edota sobietarrekin batera. Kontrako aldean, euskal herritar batzuek Dibisio Urdinean parte hartu zuten espainiar militarrekin [3] edo frantziar kolaborazionismoarekin.

Aliatuen garaipenak, baina, ezusteko etsipena zabaldu zuen askoren artean gerraostean, Estatu Batuen Gerra Hotzeko estrategia antikomunistak Espainiako diktaduraren iraupena babestu zuenean.

  1. «Euskaldunak Bigarren Mundu Gerran - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
  2. Watson, Cameron (2003), 220. or.
  3. Mikel Rodríguez: Los vascos y la II Guerra Mundial

Previous Page Next Page