Bilbobus | |
---|---|
![]() | |
![]() 56. lineako autobusa Arenal / Arriaga geralekuan. | |
Datu orokorrak | |
Garraio mota | Autobusa |
Eskualdeak | Bilbo, Arrigorriaga, Barakaldo, Erandio |
Leloa | Zurekin mugitzen gara |
Lineak | 45 |
Geltokiak | 517[1] |
Bidaiariak | 25.055.023 (2018)[2] |
Jabea | Bilboko Udala |
Egoitza | Poza Lizentziatuaren kalea, 6; 48008 Bilbo |
Webgunea | www.bilbao.eus/bilbobus |
Ustiapena | |
Hasiera | 1988 |
Eragilea | Autobuses Urbanos de Bilbao S.A.U., BioBide (Alsa, Pesa) |
Ibilgailuak | 155 autobus[3][4][5] |
Maiztasuna | 8' 10' 12' 15' 20' 25' 30' 40' 60' |
Bilbobus Bilbo udalerri barneko autobus zerbitzua da. Autobuses Urbanos de Bilbao S.A.U. (BioBide) enpresa pribatuak kudeatzen du zerbitzua 2012tik. Sareak 45 linea ditu: hogeitazazpi linea orokor, zortzi auzolinea (A letraz identifikatuta), zortzi gautxori (G letraz identifikatuta) eta bi linea berezi (E letraz identifikatuta).
Autobusak erraz identifika daitezke, guztiz gorriak izateagatik eta Bilbobus izena, kolore zuri handiz, idatzita edukitzeagatik. Bilboko Udalaren logotipoa, B letra, ateen gainean ere du.
Bilbobusen sarea Bilbon dauden gainontzeko garraio publikoekin lotuta dago, hots, Metro, Euskotren, tranbia, Renfe Aldiriak, Renfe Feve, Bizkaibus eta baita Renferen distantzia luze eta Termibus Bilboko autobusen geltokiarekin ere. Nahiz eta hiri-barruko zerbitzua izan, hiru linea udalerritik kanpo geldialdia egiten dute, hots, 50. linea Arrigorriaga udalerriko Ollargan auzoan, 88. linea Barakaldo udalerriko Errekaortu-Kareaga barrutiko Zubileta kalean, eta A7 linea Erandio udalerriko Enekuri auzoan.
Zerbitzua 1988an sortu zuen Bilboko Udalak, Bilboko hiri-barruko autobus zezrbitzuen bateratzea eginez. Ordura arte, TCSA enpresak kolore gorriko autobusak eta mikrobus urdinak, azulito ezizenez ezagunak, ustiatzen zituen.
Bidaiei dagokionez, 2018an 25.055.023 bidaiari garraiatu zituen.[2] 1995. urtean Metroa ezarri ostean bidaiari beherakada handia izan zen Bilbobusen sarean. Dena dela, egindako berrikuntza eta ezarritako informazio pantaila berriek asko handitu dute berriz ere autobusa erabiltzen duten bidaiarien kopurua.