Bitaminak organismo bizidunetan zenbait erreakzio metaboliko gerta daitezen behar-beharrezkoak diren sustantzia organikoak dira. Oso kopuru txikiak behar izaten diren arren, giza gorputzak sintetizatu ezin dituenez, ezinbesteko mantenugaiak dira, hau da, behar-beharrezkoa da elikagaien bidez sustantzia hauek jasotzea osasuntsu egoteko.
Gorputzean funtzio erregulatzailea betetzen dute bitaminek entzimen kofaktore lana eginez, koentzima gisa edo talde prostetiko gisa. Honela, bizidunen oinarrizko funtzioetan parte hartzen dute, metabolismoan, mineralen orekan, eta egitura eta ehunen kontserbazioan esaterako. Ez diote energiarik ematen organismoari eta egitura funtziorik ere ez dute betetzen.
Bitaminen eskasiak abitaminosi izeneko gaixotasun larriak eragin ditzake. Bestalde, zenbait bitamina behar baino gehiago hartzeak ere ondorio txarrak dakartza, hiperbitaminosia eraginez.
1913an Casimir Funk poloniarrak bitaminak deskribatu zituen lehen aldiz.