Bokala ahots-korden bibrazioaz sortu eta glotisgaineko barrunbetik trabarik gabe igaroz gauzatzen den fonema da[1]. Beste definizio batek dio bokala dela aire-etorriari traba gutxien egiten dion hots mota[2]. Kontsonanteak ahoskatzean, berriz, ahots-traktuan traba edo itxiera bat dute. Bokalak silabikoak dira, silaba osa dezaketen hots irekienak dira[2]: haiek bezalako soinua baina silabikoa ez denak erdibokal du izena.
Hitza latinezko vocalisetik ("ahotsarekin") dator: hizkuntza gehienetan, hitzak ezinezkoak dira bokalik gabe. Hitzak bai soinuak bai idatzizko zeinuak izendatzeko balio du[3].
Suediera bezalako hizkuntzetan dozena bat bokal baino gehiago bereizten dira, fonemak dira. Mingainaren malgutasunari esker, ahoska daitezkeen bokalak infinitu dira. Hizkuntza bakoitzak, baina, bere fonema bokaliko bereizten ditu, beti oso kopuru mugatuan. Latinez, esate baterako, garai klasikoetan hamar bokal bereizi ziren: bost luze (ā, ē, ī, ō eta ū) eta beste bost labur (ă, ě, ĭ, ŏ eta ŭ). Gaurko hizkuntza erromanikoetan, hamar horiek baino gutxiago bereizten dira, frantsesez salbu.