Our website is made possible by displaying online advertisements to our visitors.
Please consider supporting us by disabling your ad blocker.

Responsive image


Borroka profesional

Borroka profesionaleko lehia bat.

Borroka profesionala (pro wrestling izenez ere ezaguna) borroka kirola eta dramatizazioa bateratzen dituen kirol ikuskizuna da. Borroka libre eta borroka grekoerromatarrean oinarritzen da, baina akrobaziako eta arte martzialetako teknika batzuk ere hartzen ditu.

Gorputzez gorputzeko borrokak irudikatu ohi dira, normalean istorio eta etsaitasun ezberdinak antzezten direlarik. Istorio hauetan heel-ak (bilauak) eta face-ak (heroiak) bereiztu daitezke. Borrokalarien arteko lehiaren irabazlea aldez aurretik erabakita badago ere, ikusleek borrokaren sinesgaiztasuna onartu eta lehia erreala balitz bezala ikusten dute, fikziozko lan bat irakurtzen den bezala. Etsaitasunak idazten eta borrokaldiak antolatzen dituztenei booker deitzen zaie, eta ia ikuskizun osoa garatzen dutenak diren arren, borroka-koreografia ez dute eurek egiten, hau borrokalariek egiten dutelarik.[1]

Bere jatorria XIX. mendeko inauterietan eta music hall-etan dago, non forma fisiko eta indar erakustaldiak egiten ziren. XX. mendearen zati handienean, borroka profesionalaren sustatzaileek eta parte-hartzaileek lehia erabat erreala zela argudiatzen zuten. Hau, 1990eko hamarkadaren amaieran albo batera utzi zen, Vince McMahonen World Wrestling Federationek bere ikuskizunak "kirol entretenimendu" bezala deskribatzen hasi zenean, enpresak World Wrestling Entertainment izena hartu zuelarik. Borroka librea zirkuetan eta azoka ibiltarietan ekitaldi txikiak eginez hasi bazen ere, gaur egun milioika dolar mugitzen dituen industria da.

Borroka profesionala bereziki ospetsua da Japonian, Estatu Batuetan eta Mexikon.[2] Herrialde hauetan borroka profesionalak bilakaera ezberdina izan du, antzeko diziplinak sortuz, Japonian puroresu deitua eta Mexikon lucha libre.

Gaur egun, borroka profesionaleko enpresarik handiena World Wrestling Entertainment (WWE) da. Enpresa hau konpainia txikiagoak bereganatzeagatik da ezaguna, World Championship Wrestling (WCW) eta Extreme Championship Wrestling (ECW) kasu.[3] Beste enpresa ezagun batzuk All Elite Wrestling (AEW), Major League Wrestling (MLW), Impact Wrestling eta Ring of Honor (RoH) dira. Mexikon Consejo Mundial de Lucha Libre eta Lucha Libre AAA Worldwide nabarmentzen dira, eta Japonian New Japan Pro-Wrestling, All Japan Pro Wrestling, Pro Wrestling NOAH, Dragon Gate, DDT Pro-Wrestling eta World Wonder Ring Stardom. Euskal Herrian Pro Wrestling Euskadi (PWE) izeneko elkarte bat dago.[4]

  1. (Ingelesez) «How Pro Wrestling Works» HowStuffWorks 2006-01-13 (Noiz kontsultatua: 2020-11-10).
  2. «Superluchas» Superluchas (Noiz kontsultatua: 2020-11-10).
  3. «Cifras extremas: ¿Por qué WWE pagó tan poco por WCW? — ¿Cuántos millones debía ECW cuando quebró?» Superluchas (Noiz kontsultatua: 2020-11-10).
  4. (Gaztelaniaz) «Pro Wrestling Euskadi» Pro Wrestling Euskadi (Noiz kontsultatua: 2020-11-10).

Previous Page Next Page