Bosniako gerra | ||||
---|---|---|---|---|
Jugoslaviako Gerrak | ||||
Erlojuen orratzen norantzan ezkerretik hasita: Bosniako parlamentua sutan Sarajevoko setioan; Ratko Mladić Republika Srpskako soldaduekin; Norvegiako NBEko soldadua Sarajevon | ||||
Data | 1992ko apirilak 1 – 1995ko abenduak 14 | |||
Lekua | Bosnia eta Herzegovina | |||
Emaitza | Daytongo akordioak
| |||
Gudulariak | ||||
| ||||
| ||||
Buruzagiak | ||||
Indarra | ||||
| ||||
Galerak | ||||
|
Bosniako gerra nazioarteko gatazka armatua izan zen, gaur egun Bosnia eta Herzegovina den lurraldeetan 1992ko apirila eta 1995eko abenduaren artean jazotakoa. Gerran zenbait alde egon ziren, baina nagusiak Bosnia-Herzegovinako errepublikako indarrak eta euren buruak aldarrikaturiko serbiar eta kroaziar entitateak izan ziren, Bosniako Serbiar Errepublika (Republika Srpska) eta Herzeg-Bosnia. Bi entitate hauei, babes politiko eta militar handia eman zieten Serbia eta Kroaziak, hurrenez hurren.[1][2]
Gerra Jugoslaviaren desegitearen ondorio izan zen, Eslovenia eta Kroaziako sezesioei jarraiki, Bosnia eta Herzegovinako Errepublika Sozialistak, zeina nagusiki bosniar musulman (%44), serbiar ortodoxo (%31) eta kroaziar katolikoz (%17) osaturik zegoen, independentziarako erreferenduma irabazi zuenean 1992ko otsailaren 29an. Bosniako serbiarren ordezkari politikoek ez zuten erreferendumeko emaitza onartu, boikota egin baitzioten eta errepublika propioa ezarri zuten. Independentzia deklarazioaren ondoren, Bosniako indar serbiarrak, Serbiako gobernua (Slobodan Milošević buru zuela) eta Jugoslaviako Herri Armadaren laguntzarekin, Bosnia eta Herzegovinako errepublika erasotu zuten lur serbiarrak eskuratzeko asmoarekin. Laster gerra Bosnia osora zabaldu zen, bosniar musulmanek bereziki herrialdearen ekialdean pairaturiko garbiketa etnikoarekin batera.[3]
Nagusiki lurraldeari loturiko gatazka izan zen, Bosnia-Herzegovinako Errepublikako Armada (ARBiH), gehien bat bosniakoz osaturik zegoena eta Defentsa Kontseilu Kroaziarra (HVO) osatzen zuten kroaziar bosniarrak alde batetik eta Republika Srpskako indar serbiar bosniarrak (VRS, Bosniako Serbiar Errepublikako Armada) bestetik. Era berean, kroaziarrak saiatu ziren Bosnia-Herzegovinako zatiak kroaziar bezala eskuratzen[4]. Lidergo politiko kroaziar eta serbiarrek adostua zuten Bosnia zatitzea Karađorđevoko eta Grazeko itunetan gorpuztu zelarik adostasuna; honek, kroaziarrek Bosnia eta Herzegovinako armadari eraso egin eta Gerra bosniako-kroaziarra ekarri zuen.[5] Gerraren ezaugarri nagusiak borroka latzak, hiri eta herrien bonbardaketa bereizi gabekoak, bortxaketa sistematikoak eta genozidioa izan ziren. Sarajevoko setioa, Omarska kontzentrazio-esparrua eta Srebrenicako sarraskia bihurtuko ziren gerrako ikur nagusiak.
Serbiarrak, nahiz eta hasieran nagusiagoak izan arma eta baliabide kopuru handiagatik, indarra galtzen joan ziren 1994ean bosniako eta kroaziarrak elkarrekin aliatu eta Bosniako Serbiar Errepublikaren aurka egin zutenean, Bosnia-Herzegovinako Federazioa sortuz, Washingtongo itunari jarraiki. Srbrenica eta Markaleko sarraskien ondoren, NATOk 1995ean Bosniako Errepublika Serbiarraren posizioen aurka egin zuen, gerra amaitzeko giltza izan zen operazioan.[6][7] Gerra bukatu zen, Bosnia-Herzegovinako Bakerako Egituraren Ituna sinatu zenean 1995eko abenduaren 14ean. Bake negoziazioak Daytonen (Ohio, Amerikako Estatu Batuak) egin ziren eta 1995eko abenduaren 21ean amaitu. Akordio haiek Daytongo akordioak moduan dira ezagunak.[8] CIAk 1995ean eginiko txosten batean, indar serbiarrei egozten zien gerrako gerra krimenen %90-aren egile izatea.[9] 2008 hasierarako 45 serbiar, 12 kroaziar eta 4 bosniako kondenatu zituen Jugoslavia Ohierako Nazioarteko Epaitegi Kriminalak Bosniako gerran jazotako gerra krimenekin lotuta.[10] Azken ikerketek 100.000-110.000 inguruan zenbakitzen du hildakoen kopurua[11][12][13] eta 2,2 milioi pertsonan kokatzen du desplazatu-kopurua,[14] Europan Bigarren Mundu Gerra bukatu zenetik ondorio larrienak izan dituen gatazka armatua bihurtuz.