Brianen bizitza (ingelesez eta jatorrian Monty Python's Life of Brian edo Life of Brian) 1979an Monty Pythonek idatzi, zuzendu eta ekoitzitako britainiar filma da. Graham Chapmanek antzeztutako Brian Cohenen bizitza azaltzen du filmak, Jesu Kristoren egun berean eta ondoan jaio zen judeatar arrunt bat, zeinarekin nahasiko baitute bere helduaroan.
Filmean erlijioarekin egiten den satirak salaketak ekarri zituen. Ekoizleek salaketak propagandatzat erabili zituzten, «Hain barregarria, Norvegian ere debekatu zuten» («So funny it was banned in Norway!») goiburuarekin.[1] Harrera ezin hobea jaso zuen ikusleen artean, eta britainiar film ikusienen artean laugarrena da.