Bularreko minbizia, bularreko ehunean garatzen den minbizi mota da. Bulto bat bularrean[1], titien formaren aldaketa, bertako azalaren sakonunea[2], titiburuen jariaketa ez normala, azaleko orban gorriak... bularreko minbiziaren adierazleak izan daitezke. Gaixotasuna oso garatuta badago mina, guruin linfatikoen hantura, arnasa hartzeko zailtasuna edo azal horixka ere ager daitezke[3].
Bularreko minbizia pairatzeko arrisku faktoreen artean emakumezkoa izatea, obesitatea, sedentarismoa, alkoholaren kontsumoa, menopausian zehar sendabide hormonala jasotzea, erradiazio ionizatzailea, lehen hilekoa izatean oso gaztea izatea, seme-alabak berandu izatea edo ez izatea, adina eta aurrekari familiarrak dira[2][4]. Kasuen % 5-10 inguru gene herentziagatik ematen dira; besteak beste, BRCA1 eta BRCA2 geneak. Bularreko minbizia gehien bat hodi galaktoforoen zeluletan baita sinu galaktoforoen zeluletan agertzen da. Hodietan garatzen diren minbiziak hodi kartzinomak deitzen dira[2] eta lobuluetatik garatu direnak berriz, lobulu kartzinoma. Hauetaz gain, beste 18 bularreko minbizi azpimota daude. Minbizi batzuk, adibidez hodi kartzinoma, aurreko lesioetatik garatzen dira[4]. Bularreko minbiziaren diagnostikoa egiaztatzeko biopsia egiten da. Behin ziurtatuta, beste proba batzuk egin daitezke minbiziaren hedapena eta sendabideekiko erantzuna aztertzeko[2].
Sendatzeko aukerak minbizi motaren, hedapenaren eta banakoaren adinaren araberakoak dira[5]. Biziraupen tasak altuak dira herrialde garatuetan[6], baina herrialde txiroetan oso baxuak dira[4]. Mundu mailan honako hau emakumeetan ematen den minbizi ugariena da[4].