Aurkikuntza | |
---|---|
Aurkitzailea | William Herschel |
Data | 1789ko irailaren 17a |
Kategoria | Saturnoren sateliteak eta regular moon (en) |
Ezaugarri orbitalak | |
Zeren satelite | Saturno |
Ardatzerdi handia | 237.948 km |
Eszentrikotasuna | 0,0045 |
Orbita-periodoa | 32 ordu 53 minutu |
Makurdura orbitala | 0,019° |
Ezaugarri fisikoak | |
Erradioa | 252,1 km |
Bolumena | 67.113.076 km³ eta 1,370218 d |
Masa | 1,08×1020 |
Dentsitatea | 1,61×103 |
Grabitatea azalean | 0,113 m/s2 |
Albedoa | 0,99 |
Tenperatura | (min.: 32,9 K) (max.: 145 K) (batez bestekoa) ~70 |
Itxurazko magnitudea | 11,8 eta 11,7 |
Entzelado (edo Saturno II) Saturnoren satelite bat da, William Herschelek XVII. mendean aurkitua. 1980ko hamarkadan Voyager zundek erakutsi zutenez, 498,8 km-ko diametroa du[1] eta jasotzen duen eguzki-argiaren ehuneko handi bat islatzen du.[2] Satelitearen osaerari dagokionez, izotzezko zoru gazte batez estalia dago, honek Eguzkiaren argia islatzen duenez, sateliteak eguerdian -198 ℃ tenperatura baino ez du lortzen. Tamaina txikia duen arren, lurzoru aberatsa du arrasto geologikoei erreparatzen badiegu, izan ere, sateliteak lurralde zaharrak eta kraterrez josiak dituen bezala, gune berri eta tektonikoki itxuraldatuak ere baditu, hauetako asko duela 100 milioi urte inguru sortuak dira.
Lehen aipatu dugun bezala, 1789ko abuztuaren 28an William Herschel astronomialari ospetsuak aurkitu zuen, baina Voyager zundak bere albotik igaro baino lehen (1980ko hamarkada), ia ez zegoen satelite honen xehetasunei buruzko daturik.[3] 2005ean, Cassini zundak egin zituen hegaldiei esker datu gehiago eskuratu ziren. Zehazki, hego poloan ura zuten guneak aurkitu zituen.[4] Zunda honek lortu zituen datuei esker badakigu, hego poloko kriosumendiek, geiser moduan, ur-zurrustak kanporatzen dituztela espaziora, beste hainbat material lurrunkorrekin eta material solidoarekin (sodio kloruroz osaturiko kristalak eta izotzezko partikulak) batera. Material hauek kantitate handian igortzen ditu sateliteak, 200 kilogramo inguru kanporatzen ditu segunduko.[5] Garrantzitsua izan daiteke jakitea, ehun geiser baino gehiago aurkitu direla argizagian.[6] Kanporatzen den materia bi lekutara joan daiteke: zati bat satelitera itzultzen da, elur moduan eta beste zati batek argizagitik ihes egitea lortzen du, Saturnoren E eraztunean aurki daitekeen materia kantitate handienak jatorria hemen du. 2014an, NASAk satelitearen lurrazalaren azpian ozeano handi bat egotea ahalbidetzen duten frogak aurkitu zituela adierazi zuen, ozeano honek, gutxi gorabehera, hamar kilometroko lodiera eduki beharko luke.[7]
Dione satelitearekin batera, 2:1 erresonantzian dabil orbitatzen, Io eta Europaren antzeko egoera batean dagoela esan dezakegu eta beraz, agian, satelitea apur bat berotzeko energia horren ondorio izan daiteke. Hala ere, Entzelado berotzen duen eragilea (edo eragileak) zein den esaterakoan eztabaida handia sortzen da zientzialarien artean eta ikerketa ugari martxan daude oraindik satelitearen misterio hau argitzeko ahaleginetan. Aipatzekoa da, hego poloan beroaren ekoizpena ia 16 megawattekoa dela, uste zena baino hamar aldiz handiagoa, oraindik ez dakigu zein den energia honen jatorria.[8]
Azkeneko urteetako ikerketei esker badakigu, satelitearen lurrazalaren azpian mundu guztia inguratzen duen ur likidozko ozeano bat dagoela. Ozeano hau lurrazal izoztuaren eta harrizko nukleoaren artean dagoen geruza bat dela esan dezakegu. Seguruenik, hainbat iturri hidrotermalek ozeanoa berotzen dute, honek, gune hori bizitzarentzako egoki bihurtzen du. Normala den bezala, bizitzarentzako gune egokiak izan daitezkeen leku guztien antzera, zientzialariei asko interesatu zaie satelite hau azkeneko urteetan zehar. 2017ko apirilean, NASAk satelitearen lurrazalean barneko ozeanotik lurruna eta ura isurtzen zituzten geiser eta fumarolak aurkitu zituela baieztatu zuen. Gainera, lurrun honek hainbat elementu kimiko, tartean hidrogenoa, isurtzen dituela segurutzat jotzen dute zientzialariek, beraz, bakterio eta bestelako bizidun zelulabakarrentzako gune egokia bihurtzen da Entzeladoko ozeanoa.[9][10]