Our website is made possible by displaying online advertisements to our visitors.
Please consider supporting us by disabling your ad blocker.

Responsive image


Enzebra

Enzebra
Pleistozeno-0,0004 Ma

Ekaingo zaldi marrazkiak. Tarpanaren teoriaren defendatzaileek testuetako enzebrak hemen marraztutako hainbat zaldi motekin lotzen dituzte.
Sailkapen zientifikoa

Regàlia, 1904

Enzebra edo enzebroa, (gaztelaniaz: cebro edo encebra; katalanez: cebre, asturieraz: cebron, cebro, galizieraz eta portugesez: zebro, zebra edo zebron [1], zenbait adituren arabera Equus hydruntinus edo Europako basastoa (nahiz eta horri buruz hainbat teoria ezberdin izan)[2], Iberiar penintsulako zenbait eskualdetan, Euskal Herria barne, garai historikoak arte bizi izandako ekido baten izena da.

Enzebroaren inguruko gehiena arkeozoologiak, historiak eta toponimiak oraindik argitu gabeko misterioa da[3], hiru zientzien ekarpena beharrezkoa baita abere horren inguruko misterioa argitzeko. Horregatik, bereizi beharrekoak dira, alde batetik, arkeologiak eta paleontologiak ondo dokumentatutako Equus hydruntinus, Europako basastoa, azken ikerketen arabera onagroaren azpiespezie bat izan zena, eta, bestetik, askoz ezezagunagoa den agiri zaharretako iberiar enzebroa.

Garai batean enzebroa Kriptozoologiaren gai bat zela uste zen, baina egun zientzialari guztiek benetako animalia izan zela onartzen dute.

Carlos Nores asturiar ikerlariak (enzebroari buruzko liburu baten egilea) azaldu duenez: «Garrantzitsuena da animalia hau izan, izan zela, eta inor ez zen konturatu».[4]

Enzebrak XII. mendean oraindik zabalpen handiko lurraldea zeukan Iberiar Penintsulan, baina XIV. menderako hego ekialdean besterik ez zuen irauten. XV. mende inguruan galdu omen ziren azken populazioak gehiegizko ehiza zela medio. Batzuek ordea gehiago luzatzen dute iraungipen data, eta tarpanaren teoriaren defendatzaileek, enzebroaren oinordeko zuzenak egungo sorraia arrazako zaldiak direla diote. Eurasiako gainerako lekuetan Equus hydruntinus goi eta erdi pleistozenoan galdu zen.

Bi teoria nagusi eta kontrajarri daude iberiar abere misteriotsu hauen inguruan. Batzuek diote iberiar enzebroak garai historikoak arte iraundako tarpan zaldi basatiak zirela. Beste aditu batzuek, ordea, zenbait froga paleontologiko erabiliz, basa abere horiek Europako basastoak zirela mantentzen dute, hau da, Equus hydruntinus direlakoak. Egiaztaturik dagoena zera da; Erdi Aroan Portugalen, Galizian, Gaztelan eta Leonen zebro eta Aragoiko Erresuman (Katalan Herriak barne) enzebra edo zebra izeneko abereak agertzen direla sarritan agirietan. Bereziki ehizari buruzko agirietan, zeren eta antza ehizagai ohikoak ziren enzebroak, orein edo basurdeen parean. Nabarmentzekoa da era berean zebra, enzebra edo antzeko hitzak leku askotako toponimian agertzen direla Iberiar penintsula guztian barrena; bereziki hego eta mendebaldean, baina ez bakarrik hor. Esate baterako, Euskal Herrian ere agertzen dira toponimo horiek.

Zestoako Ekaingo harpeko hainbat abere-marrazkiri buruzko iritzi kontrajarriak daude. Hainbatek defenditzen dute bertan islatutako zenbait animalia ez direla zaldiak, enzebroak baizik. Hau enzebroa antzinako zaldi mota bat ez bazen. Esan beharra dago Europan bertan eta Euskal Herritik gertu, labar artearen hiru edo lau marrazki ezagutzen direla onagroak irudikatuz, Okzitaniako Lascauxen eta Trois Freresesen. Aipatutako Ekaingo abereekin alderatuz gero, nahiko ezberdinak dira marraztutako animaliak, eta seguruen Equus hydruntinus islatzen dute.

  1. (Galizieraz) Costa, Xoán. (2015). «Zebra: o nome galego que do Cebreiro pasou para a África» Sermos Galizia (Galiza).
  2. (Gaztelaniaz) de Juana, Ricardo. (2005). «La encebra iberica» SOS caballo losino (Pancorbo).
  3. (Gaztelaniaz) «El misterio del zebro: estado de la cuestión» Cronicas de Fauna.
  4. (Gaztelaniaz) Nores, Carlos. (1992). «La zoología histórica como complemento de la arqueología. El caso del zebro» Archeofauna (Oviedo).

Previous Page Next Page






Zebro Spanish Zebro GL Zebro Portuguese

Responsive image

Responsive image