Our website is made possible by displaying online advertisements to our visitors.
Please consider supporting us by disabling your ad blocker.

Responsive image


Epistemologia

Epistemologia, edo batzuentzat sinonimoa den gnoseologia, (grezieratik: ἐπιστήμη edo episteme, «ezagutza»; λόγος edo logos, «ikerketa») ezagutza zientifikoaren ekoizpena eta balioztatzea aztertzen dituen filosofia adarra da, epistemologiak zientziaren oinarriak eta metodoak aztertzen ditu[1], eta, harekin batera, etika, logika eta metafisikaren azpiesparru gisa ere jotzen da[2]. Epistemologoek ezagutzaren izaera, jatorria eta esparrua, justifikazio epistemikoa, sinesmenaren arrazionaltasuna eta erlazionatutako hainbat gai aztertzen dituzte. Epistemologiako eztabaidak, oro har, lau ardatz nagusitan biltzen dira[3][4][5]:

  1. Ezagutzaren izaeraren eta sinesmen batek ezagutza osatzeko beharrezkoak diren baldintzen analisi filosofikoa, hala nola egia eta justifikazioa.
  2. Ezagutza iturri potentzialak eta sinesmen justifikatua, hala nola pertzepzioa, arrazoia, oroimena eta testigantza.
  3. Ezagutza edo sinesmen justifikatuaren egitura, justifikatutako sinesmen guztiak oinarrizko sinesmen justifikatuetatik eratorri behar diren edo justifikazioak sinesmen multzo koherente bat baino ez duen behar.
  4. Eszeptizismo filosofikoa, zeinak ezagutzaren aukera eta erlazionatutako arazoak zalantzan jartzen duen, esate baterako, eszeptizismoak gure ezagutza arruntaren aldarrikapenetarako mehatxu bat ote den eta argudio eszeptikoen aurka geratzea posible den.

Epistemologia, ezagutzaren teoria gisa, ezagutzara garamatzaten zirkunstantzia historiko, psikologiko eta soziologikoez arduratzen da. Bestalde, ezagutza hori lortzeko irizpideak justifikatu edo baliogabetzen ditu. Era berean, kontzeptu epistemiko ohikoenen definizio argi eta zehatzak lortzea du xede, hala nola, egia, objektibitatea, errealitatea edo justifikazioa. Epistemologiaren lehen aztarnak Antzinako Grezian aurkitzen dira, besteak beste, Parmenides eta Platonen lanetan.

Antzinako Grezian, episteme gisa ezagutzen zen ezagutza doxa gisa ezagutzen zen ezagutzari kontrajartzen zitzaion. Doxa gizakiaren ezagutza arrunta edo behe mailakoa zen, hots, hausnarketa kritiko zorrotz baten menpe ez zegoena. Epistemea, berriz, zorroztasunarekin landutako ezagutza zen. Hori dela eta, zientzia edota ezagutzaren teoriaz ari garenean, “epistemologia” behin baino gehiagotan agertzen den terminoa da.

Hainbat egilek epistemologia eta gnoseologia bereizten dituzte. Gnoseologia ezagutza eta pentsamenduaren azterketa orokor bat da; epistemologia, aldiz, zientziaren bitartez lortzen den ezagutzaren azterketa da. Beste hainbat autoreren ustez, “epistemologia” kontzeptuaren esanahia zabaltzen joan da eta “ezagutzaren teoria” kontzeptuaren sinonimo erabiltzen dute.

Bestalde, ezagutzaren teoria espezifikoak ere epistemologia badira, adibidez, epistemologia zientifiko orokorra, zientzia fisikoen epistemologia edo zientzia psikologikoa.

  1. «Euskaltzaindiaren Hiztegia - epistemologia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).
  2. (Ingelesez) «Epistemology | Definition, History, Types, Examples, Philosophers, & Facts | Britannica» www.britannica.com 2023-08-08 (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  3. Steup, Matthias. (2014). Zalta, Edward N. ed. «Epistemology» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  4. (Ingelesez) Epistemology | Internet Encyclopedia of Philosophy. (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  5. Borchert, Donald M., ed. (1967). "Epistemology". Encyclopedia of Philosophy. Vol. 3. Macmillan

Previous Page Next Page