Eraztunen jauna: Boterearen eraztunak (jatorrizkoan ingelesez: The Lord of the Rings: The Rings of Power) estatubatuar fantasiazko telesaila da. J. D. Payne eta Patrick McKay gidoi idazleek, J.R.R. Tolkien idazlearen eleberrien unibertsoan inspiraturik, Amazon-en Prime Video streaming plataformarako sortua. 2022an pantailaratu zuten haren lehen denboraldia, eta 2024an bigarrena, eta inoiz egin den telesailik garestiena da.
Erdialdeko Lurraldearen Bigarren Aroaren gertakari nagusiak kontatzen ditu telesailak: Boterearen eraztunak sortzeko prozesua, Sauron jaun ilunaren azpijokoak eta Mordor bere lurraldearen sorrera, Numenor erreinu insularraren historia, eta elfoen eta gizakien arteko azken aliantza.[1]
Amazonek 250 milioi dolarren truke erosi zituen telebistako eskubideak 2017ko azaroan, eta, horrekin, gutxienez mila milioi dolarreko balioa duten bortz denboraldi ekoizteko konpromisoa hartu zuen. Horrek inoiz egin den telesailik garestiena bihurtuko zuen. Horren erakusgarri, lehen denboraldiko atal bakoitzeko 52,5 milioi euro gastatu zituzten[2].
Telesaila Amazon Studiosek ekoitzia da, Tolkien Estate and Trust, HarperCollins eta New Line Cinema enpresekin lankidetzan. Payne eta McKay gidoilari nagusiak 2018ko uztailean kontratatu zituzten, eta gainerako talde sortzailea, urtebete geroago. Aktoreak aukeratzeko casting-a mundu osoan egin zuten. Lehenbiziko denboraldiaren filmazioa 2020ko otsailean hasi zen.