Ergatiboa (grekotiko εργάτης —ergátis—, "langile", laburdura ERG) gramatika kasu bat da, hizkuntza ergatibo-absolutiboetan izena aditz iragankor baten subjektutzat markatzen duena. Mendebaldeko Europan, hizkuntza ergatibo bakarra euskara da, baina munduan ezaugarri hori duten beste asko daude: buruxaskia, yaghnobia, tibetera, georgiera, groenlandiera, txetxeniera eta beste kaukasiar hizkuntza batzuk, hizkuntza maiak, mixe-zokeak, eta Australiako zenbait hizkuntza aborigen, hala nola wagiman hizkuntza. Ithkuil eta na'vi hizkuntza artifizialek ere darabilte.
Tipologia lanek erakusten dutenez,[1] zabaldu samar daude munduan zehar, eta hizkuntza guztien % 10-20 bide dira, ziurrenik; baina, era berean (eta hortik dator bai gurean eta bai kanpoan piztu duen eta pizten duen interes handia), euskara uhartea da Europan, nominatibo-akusatibo moduko indoeuropar hizkuntzez inguratuta baitago (erromantzeak, germaniarrak, zeltak, albaniera, greziera, balto-eslavierak) eta uraldarrez (hungariera, finlandiera, estoniera).[2]