Judaismoan, rabbia edo errabinoa Legearen irakaslea da, hots, Talmud eta Biblia iruzkintzen dituena.[1] Izena hebreerazko רַבִּי —rabi (ˈʁäbi ahoskatua), "nire maisu"— hitzetik dator, yiddishez רבה Rebeh. Hitzaren erroak, hebreera biblikoan, "ugari" eta arameoz, "bereiztu" esan nahi du.
Hasieran, fariseu eta talmudiar garaietan, K.a. III. mende inguruan, euren helburua alderdi saduzeoko elizgizon faltsuak baztertzea zen kultu sinagogalaren bitartez. Dena den, K.o. 70. urtetik aurrera, erromatar inperioko armadaren eraginez bigarren tenplua desagertu zenean, eurak jarri ziren juduen autoritate eta eskola espiritual nagusi gisa.