Euskaldunon Egunkaria | |
---|---|
Mota | informazio orokorreko egunkaria |
Fitxa teknikoa | |
Hizkuntza | euskara |
Argitaratze lekua | Andoain, Gipuzkoa |
Formatua | paperezkoa |
Kolorea | zuri-beltza (koloreko azala) |
Argitaletxea | Egunkaria S.A. |
Banaketa | |
Ekoizpen osoa | 15.000 (2003an) |
Banatze-eremua | Euskal Herria |
Maiztasuna | asteartetik igandera |
Salneurria | 0,80€ (1,10€ larunbatetan eta 1,25€ igandeetan) (2003) |
Historia | |
Ideologia | euskaltzalea |
Zuzendaria | Martxelo Otamendi |
egunkaria.info Egunkariaren hemeroteka |
Euskaldunon Egunkaria (1990-2003) euskarazko egunkaria izan zen. Egoitza nagusia Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean zuen, eta Euskal Herri osora banatzen zen egunero. XX. mende amaieran, euskaraz argitaratzen zen egunkari bakarra zen; haren aurrekari bakarra Eguna izan zen (1937ko urtarriletik uztailera bitartean), Gerra Zibil betean Eusko Jaurlaritzak argitaratua.
2003ko otsailean, Espainiako Audientzia Nazionaleko Juan del Olmo epaileak Euskaldunon Egunkaria —euskara hutsean argitaratzen zen egunkari bakarra— itxiarazi zuen, ETAren tresna izatea leporatuta, eta Egunkarian zuzendaritzako kide edo arduradun ziren hamar lagun atxilotarazi, ETAri loturik izatea egotzita.[1] Erabaki horiek neurrigabetzat eta eskubideen zapalketatzat jotzen zituen ahots ugari agertu zen Euskal Herrian —bereziki (baina ez soilik) eusko abertzaleen aldetik—[2][3][4][5][6] eta nazioartean.[7][8][9] Euskal Herrian, protestak, diru bilketak, manifestazioak... antolatu ziren, eta laster sortu zen Berria, Egunkaria ordezkatu zuena. Euskal Herrian nahiz nazioartean, askok eta askok[10] (baita PSOEk berak ere)[11] eskatu zuten auzi hori lehenbailehen erabaki zedin, adierazpen askatasuna ez urratzearren, baina epaia ez zen zazpi urte igaro arte iritsi. 2010ean plazaratutako epaiarekin jakin zen Egunkaria ixteko eta hamar lagun horiek atxilotzeko neurriak inolako oinarririk gabekoak zirela, eta ETArekin loturarik ez zutela ez batak, ez besteek.[12]