Fotodiodoa argia korronte elektriko bihurtzen duen gailua da. Material erdieroalez eginda dago. Hala ere, argirik egon ez arren, korronte elektriko txiki bat ere sortzen du. Fotodiodoek bestelako elementuak izan ditzakete, adibidez, iragazki optikoak eta leiar ezberdinak. Fotodiodoen azalera txikia edo handia izan daiteke, eta honek fotodiodoaren erantzun-abiaduran eragiten du. Azalera hau handitzen doan heinean, gailuaren erantzun-abiadura murrizten joaten da.[1]
Fotodiodoak diodo arrunten antzerakoak dira, baina hauek ez bezala, bi konfigurazio ezberdin eduki ditzakete. Alde batetik, fotodiodoaren puntu sentikorra agerian egon daiteke, argi ultramoreak zein X izpiak jasotzeko. Beste aldetik, fotodiodoa kapsulatuta egon daiteke, leiho edo zuntz optiko baten bidez argia gailuaren puntu sentikorrera eramateko. Bereziki fotodiodo gisa lan egiteko diseinaturiko diodo batzuek PIN elkarketa ( PIN diodoa ) dute, p-n (positiboki dopatua-negatiboki dopatua) elkarketaren ordez. Horrela, beraien erantzun-abiadura handitzen da. Fotodiodoak alderantzizko polarizazioarekin (reverse bias) lan egiteko diseinatuta daude.