Galileo izeneko satelite bidezko nabigazio sistema globala Europako Batasunak eta Europako Espazio Agentziak (ESA) elkarlanean eraikitzen ari diren nabigazio sistema da. Galileo izena, Galileo Galilei italiar fisikari eta astronomoaren omenez jarri zen. Sistema honek GPS sistemarekiko mendekotasuna murriztea du helburu, eta 2011rako haien zerbitzuak eskaintzen hastea zen helburua, baina oraindik ez da lortu.
Satelite bidezko nabigazio sistema globalak, puntu jakin bateko koordenatu geografikoak zehazten laguntzen du. Sistema honek satelitez beteko konstelazioa erabiltzen du seinaleak transmititzeko, seinale horri esker, edozein lekuko kokapena jakin genezake. Satelite artifizialetan oinarritutako nabigazio-sistemak erabiltzaileei posizioari eta denborari buruzko informazioa eman diezaieke zehaztasun osoz, munduko edozein lekutan. Horretarako, hiru ardatz behar ditugu, berez, gizabanako edo objektu bat antzemateko: X ardatza, Y ardatza eta Z ardatza. Horregatik, gutxienez hiru satelite behar dira posizioa ezagutzeko, baina hau ez da horrela; izan ere, posizioa ezagutzeko gure hartzaileak (normalean mugikorrak) seinaleak satelitetik hartzaile heltzeko behar izan duen denbora kalkulatu behar du. Hala ere, sateliteko erlojua gure hartzailekoa baino zehatzagoa da, eta, ondorioz, akats bat sortzen da. Hori dela eta, satelite gehigarri bat behar da, hau da, guztira lau satelite behar dira, posizioa ahalik eta zehatzen ezagutu ahal izateko.