Gari Kimovitx Kasparov (Га́рри Ки́мович Каспа́ров /ˈgarʲɪ ˈkʲiməvʲɪtɕ kɐˈsparəf/) (Baku, Azerbaijan, 1963ko apirilaren 13an) xake jokalari errusiarra da, Nazioarteko Maisu Handia, Munduko Xake Txapeldun ohia, idazlea eta politikaria.
1985ean, Munduko Xake Txapeldun gazteena bilakatu zen eta titulua 1993 arte mantendu zuen. Urte hartan Nazioarteko Xake Federakuntzarekin hautsi eta beste erakunde paralelo bat sortu zuen: Professional Chess Association (PCA). PCAren bidez, Munduko Xake Txapelketa (klasikoa deitua) antolatu eta irabazi zuen. Titulua mantendu zuen, 2000. urtean Vladimir Kramnikek garaitu zuen arte.
Kasparovek hainbat lorpen ditu, besteak beste Elo sailkapenaren lehen postuan 1986tik 2005ean erretiratu zen arte jarraian egotea. Torneo garrantzitsu asko irabazi zituen eta 11 aldiz jaso zuen Xakearen Oscarra. 1997an, Deep Blue ordenagailuaren aurkako partida bat galdu zuen. Horrelakorik gertatzen zen lehen aldia zen.
2005eko martxoaren 10ean, Kasparovek xakea utzi behar zuela iragarri zuen, politikan sartu eta idazteari eman behar ziola-eta. Batasun Zibileko Frontea eraiki zuen eta Vladimir Putinen opositorea zen Beste Errusia zelakoaren kide egin zen.
2007ko irailaren 30ean, Kasparovek Errusiako presidentetzara aurkeztu zuen bere burua, baina azkenean Beste Errusiak ezin izan zuen 2008ko martxoko hauteskundeetara aurkeztu.