Gobernuz kanpoko erakundea (GKE) pertsona fisikoek edo juridikoek legez eratu duten erakunde bat da, edozein gobernutatik independenteki diharduena, hainbat arlotan: kultura, garapena, Giza Eskubideak, ekologia, politika... Herrialde edo gizataldeei garatzen laguntzen lan egiten dutenei garapenerako gobernuz kanpoko erakunde (GGKE) deritze.
GKEak, batez ere, herrialde garatuetan sortzen dira; izan ere, ikasle mugimenduetan, sindikatuetan, talde politikoetan parte hartzen duen pertsona-kopururik handienak han izaten baitira. Halaber, han hazi da gehien GKEren batean lankidetzan aritzen diren boluntarioen kopurua. Gazte eta heldu askok beren aisialdiko denboraren eta energiaren zati bat lankidetzan aritzen diren horiengandik ikasten ematen dute, eta, aldi berean, esperientzia bereganatzen dute.
Bestalde, gutxiago garatuta dauden herrialdetan —esaterako, Afrikan, Asian eta Latinoamerikan—, neurri txikiagoko talde eta erakunde ugari sortu dira; beren ingurunean bizi-kalitatea hobetu nahi duten herri-mugimenduak dira.