Guggenheim Bilbao Museoa | |
---|---|
Museo Guggenheim Bilbao | |
Solomon R. Guggenheim Fundazioa | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Bilbo |
Koordenatuak | 43°16′08″N 2°56′03″W / 43.26883°N 2.934099°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1997ko urriaren 18a |
Inaugurazioa | 1997ko urriaren 18a |
Jabea | Solomon R. Guggenheim Fundazioa |
Kudeatzailea | Solomon R. Guggenheim Fundazioa |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Frank Gehry |
Bisitariak urtean | 530.967 |
Kontaktua | |
Helbidea | Avenida Abandoibarra, 2 |
E-posta | mailto:[email protected] |
Telefonoa | tel:+34-944-35-90-80 |
Webgune ofiziala | |
Guggenheim Bilbao Museoa arte moderno eta garaikideko museoa da,[1] Bilbon (Bizkaia) kokatua. Frank Gehry arkitekto estatubatuarrak Ibaizabal ibaiaren parean eraiki zuen, Salveko zubiaren ondoan. Solomon R. Guggenheim Fundazioak kudeatzen du, munduko beste bost museo bezala.[2] Zuzendaria Juan Ignacio Vidarte da.
Museoa eraikitzeko negoziazioak 1991ko otsailean hasi ziren Euskal Autonomia Erkidegoko agintari publikoen eta Guggenheim Fundazioko zuzendarien artean. Akordioa urte horren amaieran sinatu zen, eta 1992ko erdialdean, arkitektoa eta eraikinaren kokalekua aukeratu ziren. 1997an inauguratu zenetik, museoak milioi bat bisitari baino gehiago izan ditu urtean batez beste, eta aparteko eragina izan du euskal ekonomian eta gizartean; eskualdeko turismoa bultzatu du, eta, hirian, espazio publiko eta pribatu ugari biziberritu ditu. Horrez gain, hiriaren irudia hobetu du. Komunikabideek Guggenheim efektua edo Bilbo efektua[3] deitu dioten fenomeno horrek guztiak kultura-turismoaren garrantzia nabarmendu du, eta emulazio-efektua eragin du beste herrialde batzuetan, emaitza desberdinekin.
Museoaren ezaugarririk deigarriena eraikin berritzailea da, forma lerromakur eta bihurriez, kareharriz, kristalezko errezelez eta titaniozko xaflez osatua[4]. Guztira 24.000 m²-ko azalera du, eta, horietatik, 10.540 m² erakusketetarako erreserbatuta daude, 19 galeriatan banatuta. Estatuan, erakusketa-metro gehien dituen museoa da[5]. Bilboko itsasadarraren ertzean dago, Abandoibarra izeneko eremu batean, dorre huts batek inguratzen duen Salbeko zubiaren ondoan.
Eraikina eta bere bilduma iraunkorra EAEko agintarienak dira. 2014ko abenduaren 3an, Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuak lankidetza New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Fundazioarekin beste 20 urtez berritzea onartu zuen. Lankidetza hori 1994an sinatu zen, eta abenduaren 31n amaitzen zen indarraldia[6]
2017ko urrian eta hilaren 18ra arte, hau da, pinakoteka inauguratu zen egunera arte, museoak bere XX. urteurrena ospatu zuen hainbat jarduerarekin.
2022. urtean, Museoak XXV. urteurrena beteko du, eta Juan Ignazio Bidarte zuzendariak prentsaurreko batean azaldu zuenez, urte osorako jarduera prestatu dute[7]