Henri Giraud (Paris, Frantzia, 1879ko urtarrilaren 18a - Dijon, Frantzia, 1949ko martxoaren 11) Frantziako Armadako jenerala izan zen. I. Mundu Gerran borrokatu zuen eta II. Mundu Gerran ere bai, VII. armadako eta, ondoren, IX. armadako buru izan zelarik. 1940an, alemaniarrek preso hartu zuten, baina 1942an ihes egin zuen Königsteindik. Ipar Afrikako frantses tropen buru izan zen 1942ko azaroan eta, Darlan hil zutenean (1942ko abendua), Aljeriako agintaritza hartu zuen. De Gaulle jeneralarekin zituen tirabirak gorabehera, Aljerian sortu zen Frantziako Askatasun Nazionaleko Batzordeko lehendakari izan zen harekin batera (1943ko ekaina). Baina De Gaullek gaina hartu zion eta lehendakaritza utzi behar izan zuen (1943ko azaroa), armadako komandante kargua ere utzi zuelarik (1944ko apirila). Hala ere, Ipar Afrikan armada bat eratu zuen, Juin jeneralarekin batera, eta, AEBn laguntzaz, Tunisiako garaipena, Korsikaren liberazioa eta Italian lehorreratu zen frantses armadaren antolamendua berak egin zituen neurri handi batean.