Henry Martin Ford (Wayne konderria, Michigan, 1863ko uztailaren 30a - Dearborn, Michigan, 1947ko apirilaren 7a) Ford Motor Companyren fundatzailea izan zen eta bera izan zen masako produkzioarako ekoizpen katea modernoak erabili zituen lehena.
Ford T auto merkatuan sartu zenean, AEBetako garraioa eta industriaren iraultza izan zen. Asmatzaile emankorra, 161 patente erregistratu zituen bere herrialdean eta munduko ezagun eta aberatsenetakoa bilakatu zen.
Berari esleitzen zaio fordismoa, 30eko hamarkadan garatu zen sistema eta, kateko produkzioa erabiliz, kostu apaleko auto kopuru izugarria ekoiztera eraman zuena. Sistema honekin, makinaria espezializatua erabili behar zen eta ondo irabazten zuten langile kopuru ugariak osatzen zuen plantilla.
Forden heziketa ez zen horrenbesterakoa izan, baina ikuspegi orokorra zuen eta kontsumismoa ezinbestekoa ikusten zuen bakerako. Konpromiso handia hartu zuen kostuak murrizteko eta asmakizun tekniko asko aplikatu zituen bere negozioan; horrela, frankizia sistema bat osatu zuen, AEB, Kanada eta beste kontinenteetako hiri nagusietan filialak ezarriz.
Forden aberastasunaren zati handi bat Ford Fundaziora joan zen, baina konpainiaren kontrola beti haren familiak eraman zuen.