Hiena | |
---|---|
Miozeno-gaur egun | |
![]() | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Carnivora |
Superfamilia | Herpestoidea |
Familia | Hyaenidae Gray, 1821
|
Generoak | |
Banaketa mapa | |
![]() | |
Hiena Carnivora ordenako Hyaenidae ugaztun familiako animalien izen arrunta da. Ugaztunen artean txikiena den familia da eta lau espezie ezagutzen dira, Crocuta, Hyaena eta Proteles generoetan [1]. Dibertsitate txikia izan arren, Afrikako eta Asiako ekosistementzat funtsezko osagaiak dira.
Filogenetikoki, felido eta bebirridoengandik hurbil egon, izaera eta morfologia aldetik kanidoen antzekoak dira; bi horiek —hienek eta kanidoek— ez dute zuhaitz-lokomoziorik (zuhaitzak igotzeko trebetasuna), eta harrapakina hortzekin harrapatzen dute, atzaparrekin harrapatu ordez. Biak azkar elikatzen dira eta janaria gordetzeko gaitasuna daukate, oin handi babatsuak dituzte eta azkazalak ez dira bilkorrak korrika egiteko eta kobazuloetan zulatzeko garatuak baitaude. Nolanahi ere, hienaren garbiketa, aztarna uzteko lurrina, estaltzeko forma eta hazteko modua bat datoz beste feliforme batzuekin. Sarraskijale koldarrak eta kleptoparasitismoa praktikatzen dutela esaten bada ere, hienek beren kabuz ehizatzen dute, eta jakina da lehoiak beren harrapakin hiletatik uxatzen dituztela. Batez ere gaueko animaliak dira, baina goizaldera ere beren gordelekuetatik kanpo ibiltzen dira maiz. Hiena-orbanduna oso lagunkoia den arren, gainontzeko hienak ez dira batere taldekoiak, nahiz eta familia-taldetan bizi diren eta ehiza egiteko taldetan elkartzen diren[1]. Hienek duten ezaugarri ohikoenetariko bat beren zauka-ulua egiteko forma da, izan ere gizakien irri-algara makabro baten antzekoa da. Oihu horiekin, taldearen kohesioari eusten diote eta itxuraz, elikagai beretan lehiakide diren beste animalia batzuk uxatzen dituzte.
Hienidoak Eurasian sortu ziren lehen aldiz eta bi adar ezberdinetan garatu ziren; batetik egitura arineko txakurren antzeko hienak eta bestetik, hezur sendodun hienak. Txakurren antzeko hienek duela hamabost milioi urte aurrera egin bazuten ere (Ipar Amerika kolonizatu zuen taxon batekin), klima-aldaketaren ondoren desagertu egin ziren, kanidoak Eurasiara iristearekin batera. Hezur sendodun hienak berriz (orbandunak, marradunak eta arreak) Eurasia eta Afrikako sarraskijale nagusi bihurtu ziren[2].