Euskal Herriko historia |
---|
Industrializazioa Euskal Herrian XIX. mendean abiatu zen, aurretik metalurgiari lotutako burdinola asko bazeuden ere. Industrializazioa bereziki Bizkaia eta Gipuzkoan hasi zen, jada zituzten portuak, burdina eta azpiegiturak baliatuz, XIX. mendearen bigarren erditik aurrera[1], batez ere Bigarren Karlistaldiaren ondoren. Bizkaian bereziki, meatzaritzari eta portuari lotutako industriak aldaketa sakonak eragin zituen demografian eta politikan. Siderurgian oinarritutako industria Bizkaian gehien garatu zen; Gipuzkoan, aldiz, papergintza eta ehungintza izan ziren.
XX. mendean Araba, Nafarroa Garaia eta Lapurdi ere industrializatu ziren, baina Nafarroa Beherea eta Zuberoan apenas izan zen industrializaziorik. Industrializazio horren ondorioz, gaur egun ere bigarren sektoreak garrantzi handia du[2].
Langile-mugimenduaren sorrera, lehenengo mugimendu sozialista eta komunistekin[3] eta prozesu horri lotutako euskal nazionalismoaren hastapenak[4] hurrengo mende osoan eragin zuen.