Itsaso Hila[1] (hebreeraz ים המלח Yam Ha'Melaj, literalki Gatzezko Itsasoa, arabieraz البحر الميت Al Bahr al Mayyit, literalki Itsaso Hila edo Buhayrat[2]) Ekialde Hurbileko aintzira endorreiko gazia da, Jordango Rift Haranean kokaturik dagoena. Ekialdean Jordania du, eta Israel eta Zisjordania (Palestina) mendebaldean. Jordan ibaia du betebide nagusia.
Itsasoaren maila baino 430,5 metro beherago dago[3], mundu osoan lur lehorraren gainean dagoen punturik sakonena.[4] 76 kilometro luze da eta, gehienez, 16 kilometro zabal. Azken urteetan ur-maila jaisten ari da etengabe, lakura heltzen den ur-kantitatea asko gutxitu delako.[5] Horren ondorioz, haren azalera ere murriztu da franko: 1.050 kilometro koadro zituen 1930ean, 605 kilometro koadro besterik ez 2016an.
Erromatarren garaitik da ezaguna Itsaso Hilaren sendatzeko ahalmena. Kondairak dioenez, Marko Antoniok Kleopatrari oparitzeko konkistatu zituen lakua eta haren inguruak, eta ordutik hona haren ospea handitu besterik ez da egin. Gaur egun hainbat bainuetxek, hotelek eta osasun-etxek inguratzen dute, eta hango gatzak dituzten kosmetikoak oso preziatuak dira mundu osoan.[5]