Izaro | |
---|---|
Mota | uharte |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°25′30″N 2°40′57″W / 43.42487°N 2.68255°W |
UTC ordua | UTC+01:00 |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Bizkaiko eskualdea | Busturialdea |
Udalerria | Bermeo |
Ur-gorputza | Bizkaiko golkoa |
Izaro Bizkaiko kostaldeko uharte bat da. Bermeo eta Mundaka herrien aurrean dago, Bermeotik 3 kilometrora eta Mundakatik 2,2 kilometrora, hurrenez hurren; hala ere, Bermeoko udalerriko lurra da. Mundakako itsasadarraren sarreran dago, Ogoño eta Matxitxako lurmuturren artean, Urdaibai ingurune naturalaren barruan.
Triangelu itxura duen eta luzetara zabaltzen den uhartea dugu. Ipar-mendebalde - Hego-ekialdeko norabidea hartzea du (alde altuena eta zabalena hego-ekialdeko aldea da). Bere alde zabalenean 150 zabal da eta 675 m luze, eta bere altuera maximoa 44,5 m-koa da. Ipar-mendebaldeko punta "Artxikote" izenaz ezagutzen da.
Uhartearen ipar-mendebaldean eta bertatik 200 m-tara "Potorro-harri" edota "Harri-ederra" izenez ezagututako harkaitza dago. Hego-ekialdean ontziraleku natural bat dago, Izaroko portua izenaz ezagutua.
Portu natural hartatik, goiko ermitara joateko eskailera batzuk daude, Isabel erregina Katolikoak ordainduak: izan ere, uda batzuetan Bermeora joaten zen (1483an gutxienez) eta Izaro uhartea asko gustatzen zitzaion.