Jean Sibelius, jaiotzez Johan Julius Christian Sibelius[oh 1][2] (Hämeenlinna, Finlandia, 1865eko abenduaren 8a - Järvenpää, 1957ko irailaren 20a) finlandiar musikagile eta biolin-jolea zen, Erromantizismo berantiarrekoa, eta eragin nabaria izan zuen Finlandiaren nortasun nazionala finkatzen.
Sibeliusen lanaren funtsa zazpi sinfoniatan biltzen da. Beethovenek bezala, Sibeliusek ere horietako bakoitza bere estiloa garatzeko erabili zuen, baina Beethovenek ez bezala —hark sinfoniak aldarri publikoak egiteko erabiltzen zituen eta bere sentimendurik ezkutuenak lan txikietarako gordetzen zituen—, Sibeliusek bere sentimendu pertsonalak sinfonietan kanporatu zituen. Haren lanak sarri jo eta maiz grabatzen dira gaur egun ere.
Sinfoniak alde batera utzita, Sibeliusen konposiziorik ezagunenak Finlandia, Bals Tristea, biolin kontzertua, Karelia suitea eta Tuonelako beltxarga (Lemminkäinen suitearen lau mugimenduetako bat) dira. Beste lan batzuen artean Kalevala oinarri hartutako zenbait pieza daude, ahots eta pianorako ehundik gora abesti, 13 antzezlanetarako musika, Jungfrun i tornet opera ("Dontzeila Dorrean"), ganbera musika, piano musika, 21 musika koral argitalpen eta musika erritual masonikoa. Sibelius musikagile emankorra izan zen 1920ko hamarkadaren erdialdera arte. Hala ere, bere Zazpigarren Sinfonia (1924), Ekaitza (1926) eta Tapiola (1926) bukatu bezain laster, ez zuen maila handiko lanik egin bizitzako azken hogeita hamar urtean. Garai horri «Järvenpääko isiltasuna» deitu izan zaio. Musika sortzen saiatu zen, bai, baita zortzigarren sinfonia bat ere, baina emaitzarik gabe. Bere bizitzaren azken aldian musika masonikoa idatzi zuen, eta hasierako zenbait lan berrargitaratu egin zituen. Halaber, musikaren garapena arretaz segitu zuen, nahiz eta beti ez zuen musika modernoa begi onez ikusi.
Aipuaren errorea: <ref>
tags exist for a group named "oh", but no corresponding <references group="oh"/>
tag was found