Jean (Jan) Marie Joseph, Van Houtte Baroia (Gante, 1907ko martxoaren 17a - Brusela, 1991ko maiatzaren 23a) belgikar politikaria izan zen. Belgikako lehen ministroa izan zen 1952tik 1953ra.
Zuzenbidean doktorea eta Gante eta Liejako unibertsitateetako irakaslea izan zen. Alderdi sozial kristauko kide izan zen eta 1949 eta 1968 artean senatari.
Finantza ministro izan zen Jean Duvieusarten (1950) eta Joseph Pholienen (1950-52) gobernuetan. 1952ko urtarrilean Belgikako lehen ministro bihurtu zen. Bere agintaldian, soldadutzaren iraupenari eta Alemaniarekiko kolaborazionisten tratuari buruzko eztabaidak izan ziren. Gainera, atzeraldi ekonomikoa gertatu zen.
Gaston Eyskensen gobernuan Finantza ministro (1958-61) izan zen berriro. Munduko Bankuko gobernadore ere izan zen. 1970ean baroi izendatu zuten.