Hendrik Johannes Cruijff edo Johan Cruyff (Amsterdam, Herbehereak, 1947ko apirilaren 25a - Bartzelona, Katalunia, 2016ko martxoaren 24a) futbol entrenatzaile eta futbolaria izan zen. Historiako futbolari onenetakotzat jotzen da.
1974 eta 1978ko Munduko Futbol Txapelketan txapeldunordea izan zen Herbehereetako futbol selekzio nazionalarekin. Halaber, "Europako futbolaririk onena" izendatu zuten 1971, 1973 eta 1974an.
Halaber, UEFAko Txapeldunen Liga irabazi zuen 1971, 1972 eta 1973an Amsterdamgo Ajaxekin. Talde horretan hamar denboraldi egin ondoren, 1973an, FC Barcelonak fitxatu zuen; 1978an, Ameriketako Estatu Batuetako ligara joan zen: bertan hiru denboraldi eman zituen eta Espainiako Bigarren mailako Levante UD taldean ere aritu zen. 1981ean, berriro Herbehereetako ligara joan zen eta, bi denboraldi Ajaxen eman ondoren, bere azken urtea jokalari izan zen Feyenoord Rotterdamen.
1984an, jokalari gisan erretiratu zen, baina, 1985ean, Ajaxeko entrenatzaile izendatu zuten eta egun, Kataluniako selekzioko entrenatzailea da. Gainera, 2010ean, FC Barcelonak klubeko Ohorezko presidente izendatu zuen eta Kataluniako federazioarekin kolaboratu zuen kirol proiektuetan.
FIFAk XX. mendeko futboleko lau jokalari onenen artean izendatu du Cruyff; harekin batera Pelé, Diego Armando Maradona eta Alfredo Di Stéfano daude.