Kriosumendia edo izotz-sumendia[1] harri urtuen ordez ura, amoniakoa edo metanoa bezalako sustantziak jaurtitzen dituen sumendia da. Jaurtitzen dituen sustantziei kriomagma edo kriolaba deitzen zaie. Orokorrean likidoak diren arren kasu batzuetan lurrun forma har dezakete. Erupzioaren ondoren kriomagma kondentsatu eta solido bihurtzen da inguruneko tenperatura hotzaren ondorioz. Kriosumendiak Eguzki Sistemako izotz-lerroaz haragoko ilargi izoztuetan edo ur asko duten bestelako objektuetan eratu daitezke. Kriosumendiak izan daitezkeen hainbat egitura identifikatu dira Plutonen, Titanen eta Zeresen. Horretaz gain, sumendiak osatzen ez dituzten arren, izotz geiserrak ikusi dira Entzeladon eta behar bada baita Tritonen ere.
Izotza urtu eta kriosumendiak sortzeko energia iturri bat itsasaldiaren azelerazioa izan daiteke Eguzki Sistemako zenbait gorputzetan.[2] Desintegrazio erradioaktiboa beste energia iturri posible bat da. Izoztutako material zeharrargien pilaketek ere beharrezko beroa pilatzen lagundu dezakete.