Kublai Khan[1] —Khubilai edo Kubla ere deitua— (1215eko irailaren 23a – 1294ko otsailaren 18a) mongoliar enperadorea izan zen, Genghis Khan Mongoliar Inperioaren sortzailearen biloba. Mangu bere anaia 1259an hil zenean hartu zuen khan titulua. Aitonak hasitako Txinako konkista burutu zuen eta Yuan mongoliar dinastia sortu zuen Txinan. Mongoliako inperioaren administraziogunea bihurtu zuen Txina, eta Khanbaluken (gaur egungo Pekinen) ezarri zuen hiriburua. Japonia konkistatzen ahalegindu zen baina ez zuen lortu. Erlijio-aniztasuna onartu eta kultura suspertu zuen. Marco Polo 17 urtez egon zen Kublai Khanen gortean.