Lev Ivanovitx Jaxin (errusieraz: Лев Ива́нович Я́шин; Mosku, 1929ko urriaren 22a - ibidem, 1990eko martxoaren 20a), “Armiarma Beltza” edo “Pantera Beltza” ezizenez, sobietar futbol atezaina izan zen, batzuentzat Eduard Streltsov futbolariarekin batera Errusiako garai guztietako futbolaririk onena izan omen zen. Halaber, askok jotzen dute futbolaren historiako atezainik onentzat.
Jaxinek denen errespetua irabazi zuen, atezainaren rola irauli baitzuen, defentsa osora hedatu zuen-eta bere autoritatea. Denbora guztian aginduak ematen aritzen zen, eta gai zen area txikitik irteteko aurkarien baloiak harrapatu behar bazituen, hori guztia garai batean non atezainak atean egoten ziren 90 minutu itxaroten noiz sartu jokoan. 1958ko Munduko Kopan haren jarduerak eragin sakona izan zuen audientzia globalean, txapelketa hura telebistan eman baitzen lehen aldiz nazioartean. Goitik behera beltzez janzten zen (zehatzago esanda, urdin ilunez), eta horregatik deitzen zioten “Armiarma beltza”.
1958tik 1970era bitartean, Jaxin agertu zen lau Munduko kopatan, eta 2002an FIFAk aukeratu zuen Munduko Koparen Historiako Ametsezko Talderako. 1994an FIFAk hautatu zuen Munduko Kopetako Inoizko Talde Onenean, eta 1998an aukeratu zuten XX. mendearen Munduko Talderako. FIFAren arabera, Jaxinek gelditu zituen 150 penalti inguru futbol profesionalean —beste edozein atezainek baino gehiago. Halaber, amaitu zituen 270 partida golik hartu gabe. 1963an Lev Jaxinek Urrezko Baloia jaso zuen, atezain bakarra sari hori jasotzen. IFFHSek izendatu zuen XX. mendeko atezainik onena.