Mamelukoak edo mamluktarrak[1] (arabieraz: مملوك, mamlūk (singularrean), مماليك, mamālīk, (pluralean); turkieraz: Memlüklüler) gudari esklabo zuriak izan ziren, gehienetan turkiarrak, agintari musulmanen zerbitzura aritzen zirenak[2].
Hasieran abbastar kalifen soldaduak baziren ere, 1250ean sultanerri bat eratu zuten, aiubtar leinua ordezkatu eta Egiptotik Siriarainoko lurraldea gobernatu zuena, 1517an otomandarrek konkistatu zuten arte[3]. 1210ean, iparraldeko Indian, Mu`izz ad-Dîn Muhammad Gurik gobernu honen aurrekaria sortu zuen, Delhiko Sultanerria izenekoa.
Mamelukoek Islama hedatu zuten. Hain zuzen ere, Indonesiako islamizazioa XIII. mendearen amaieran hasi zen, Egiptotik merkatari mameluko musulmanak iritsi zirenean. Mamelukoek kultura- eta merkataritza-trukean aritu ziren Afrikako ekialdeko kostaldeko swahili zibilizazio islamikoarekin, harik eta XVI. mendearen hasieran portugaldarrek haren jabe bihurtu ziren arte.[4]