Miguel de Cervantes Saavedra[1] (Alcalá de Henares, Espainia, 1547ko irailaren 29a - Madril, Espainia, 1616ko apirilaren 22a), izengoitiz Lepantoko besomotza,[1] gaztelaniazko eleberrigile, poeta eta antzerkigile bat izan zen, Espainiako Urrezko Mendeko idazlerik behinena. On Kixote Mantxakoa, haren lan nagusia, Europako lehen eleberri modernotzat hartzen da,[2] eta, adituen artean, inoiz idatzi den fikziozko lanik hoberenetako bat dela jotzen da.[3]
Ez da haren bizitzari buruzko gauza askorik ezagutzen. Valladolid eta Madrilen egin zituen ikasketak. Acquaviva kardinalaren zerbitzari gisa, Erromara joan eta soldadu ibili zen. Lepantoko guduan parte hartu zuen (bertan beso bat herbaldu zitzaion) eta, turkoek atxilotu ondoren, bost urte eman zituen Aljerko presondegian. Espainiara itzulita, ezkondu eta funtzionario lanetan hasi zen, baina arazoak izan zituen justiziarekin.[4]
Lehen eleberria garai hartan boladan zegoen artzain eleberrien generokoa izan zen, La Galatea (1585). Askoz geroago idatzi zuen El ingenioso hidalgo Don Quijote de la Mancha (lehen zatia 1605ean argitaratu zen eta 1615ean bigarrena), mundu osoko literaturan guztiz ospetsu bihurtuko zen obra. Errealismo handiz deskribatzen du Cervantesek Espainia eta halaxe sentitu zuen Espainiak Don Quijote-n bere burua islatuta. Bertan Mantxako handiki bat, Alonso Quijano, erotu egiten da zalduntza liburuak irakurriz; bere burua ere zaldun egitea erabakitzen du, ezkutaria (Sancho Panza) eta zaldiarekin (Rocinante) behar duen edonori bere laguntza eta babesa emateko, eta bere egitandien gloria bere damari (Dulcinea del Toboso) eskaintzeko asmotan. Dena alderantziz aterako zaio, ordea; zentzua berreskuratu, eta zaldun liburuak madarikatuz hiltzen da.[4]
1613an Novelas Ejemplares izeneko kontakizunak plazaratu zituen Cervantesek. Bi mota bereiz daitezke horietan; egilearen amodiozko abenturak islatzen dituztenak: La española inglesa («Ingeles espainola»), El amante liberal («Maitale liberala») eta, errealismoz eta psikologia handiz, gizartearen hainbat alderdi ukitzen dituzten obrak: Rinconete y Cortadillo («Rinconete eta Cortadillo»), El coloquio de los perros («Zakurren berriketaldia»). 1614an, Viaje al Parnaso poema liburua («Parnasorako bidaia»), komediak (zortzi, Los Baños de Argel, etab.) eta entremes delakoak —ekitaldi bakarreko antzezlan umorezkoak— eta El retablo de las maravillas («Gauza zoragarrien erretaula») argitaratu zituen. Hamar urte lehenago bezala, Kixoteren bigarren zatiak arrakasta handia izan zuen (1615). Hil zenean (1616, Shakespeare hil zen urte bera), Los trabajos de Persiles y Segismunda eleberria utzi zuen.[4]