Mikrobio oportunistak patogeno hertsiak ez diren mikrobioak dira, gaixotasunak eragiteko ahalmena dutenak immunitate-sistema ahulduta dutenengan.
Bakterio, onddo eta birus batzuk dira oportunistak. Pertsona osasuntsuak infektatzerakoan mikrobio hauek ez dute gaixotasunik eragiten, haien birulentzia oso urria baita, organismoaren defentsa mekanismoek (linfozitoek, makrofagoek eta beste fagozito batzuek) erraz deseustatzen baitute haien ahalmen patogeno urria. Pertsona immunogutxituengan, berriz, oportunisten infekzioek gaixotasunak garatzen dituzte, ostalariaren defentsa kaskarrek ezin baitute kanpoko mikrobioei aurre egin.
Oportunistak klinika eta ospitaleetan dira arriskutsuak, bertako populazioa oso sentikorra baita haiekiko. Ospitaleetan hartutako gaitz asko (infekzio nosokomialak) mikrobio oportunistek sortutakoak dira.
Oportunistak ere hazi daitezke tratamendu antibiotikoaren ondorioz pertsona baten flora bakteriar arrunta (adibidez, hesteetakoa) asko murrizten denean. Konpetentziarik gabeko egoera horretan, mikrobio oportunistek kolonizatzen dute mikrobiorik gabeko habitat berria (hesteak, esaterako).
Mikrobio oportunisten artean honako hauek aipatu daitezke: Pseudomonas aeruginosa, Candida eta Aspergillus onddoak, Staphylococcus batzuk eta Escherichia generoko bakterioak.