Nobel Saria (suedieraz: Nobelpriset [nʊˈbɛ̂lːˌpriːsɛt]; norvegieraz: Nobelprisen) aurrerapen akademiko, kultural edo zientifikoak aitortzeko, Suediako eta Norvegiako erakundeek hainbat kategoriatan ematen duten nazioarteko sari multzoa da. Alfred Nobel kimikari, ingeniari eta industrial suediarraren nahiari esker bost Nobel sari jarri ziren martxan 1895ean, eta 1901ean eman ziren lehen aldiz Kimika, Literatura, Bakea, Fisika eta Fisiologia edo Medikuntzako sariak. [1][2][3] Mundu mailan onartuta dago eskuragarri dauden sari entzutetsuenak direla dagozkien alorretan.[4][5][6]
1968an, Sveriges Riksbank Suediako banku zentralak, Sveriges Riksbank Ekonomia Zientzien Saria ezarri zuen Alfred Nobelen oroimenean. Saria Nobel Fundazioak 1968an Sveriges Riksbanketik jaso zuen dohaintzan oinarritzen da, bankuaren 300. urteurrena zela eta. Ekonomia Zientzien lehen saria Ragnar Frischek eta Jan Tinbergenek jaso zuten 1969. urtean. Ekonomia Zientzien Saria Stockholmeko Suediako Zientzien Errege Akademiak eman zuen, 1901az geroztik Nobel Sariak ematen diren printzipio berberei jarraituz.[7]
Suediako Zientzien Errege Akademiak Kimikako zein Fisikako Nobel Sariak eta Sveriges Riksbankek Zientzia Ekonomikoetan ematen dituzte, Alfred Nobelen oroimenean. Karolinka Institutuko Nobel Batzarrak Fisiologia edo Medikuntzako Nobel Saria, Suediako Akademiak Literaturako Nobel Saria, eta Norvegiako Nobel Batzordeak Bakearen Nobel Saria ematen dituzte.
1901 eta 2018 urteen artean, Nobel Sariak (eta Ekonomia Zientzietako Sariak, 1969tik aurrera) 590 aldiz eman ziren, 935 pertsona eta erakundeei.[1] Zenbait aldiz, behin baino gehiagotan jaso dute Nobel Saria, eta horrek 27 erakunde eta 908 pertsona biltzen ditu. Sari-zeremonia urtero egiten dute Stockholmen, Suedian (Noruegiakoa Oslon ospatzen den Bake Sariaren ekitaldia izan ezik).[1][8] Hartzaile bakoitzak ("laureatua" izenarekin ezagutzen dena) urrezko domina,[9] diploma eta Nobel Fundazioak erabakitzen duen diru kopuru bat jasotzen ditu. (2020. urteaz gero, sari bakoitzak 9.000.000 SEK balioko ditu, edo 935.366 dolar inguru, 848.678 euro edo 716.224 £).[10] 1980a baino lehen egindako dominak 23 kilateko urreaz eginda zeuden, eta ondorengoak 18 kilateko urre berdean, 24 kilateko urrezko estaldurarekin.
Saria ez da hil ostean ematen. Hala ere, pertsona bati saria ematen bazaio eta jaso aurretik hiltzen bada, saria oraindik aurkez daiteke.[11] Ezin da saririk banatu hiru pertsona baino gehiagori, nahiz eta Bakearen Nobel Saria hiru pertsona baino gehiagoko erakundeei ematerik badagoen.[12]